Zestoako artisaugileak elkartuko dira hilaren 22an, eta Gabonetako Artisautza Azoka dute herriko Alima Dantzako gunean. Amancay Gaztañagak eta Arantxa Aldalurrek antolatu dute bigarren urtez ekimena; biak dira artisaugileak; lehenengoak bitxiak, erlojuak edota diru-zorroak egiten ditu, guztiak eta vintage eran. Aldalurrek, berriz, magnoliarekin Jatorri Izendapeneko likoreak egiten ditu; munduan Zestoan bakarrik egiten dutela jakinarazi du Gaztañagak; eurekin batera beste hainbat zestoarrek erakutsiko dituzte euren produktuak; «gure asmoa da herritarrak Zestoan bertan eros ditzatela gabonetako opariak. Gainera, opari horiek geuk eginak dira, ez dira kapitalismoaren ekoizpenean sartzen. Eskuz egindako gauza esklusiboak dira; ez daude bi gauza berdin. Hori nahi bultzatu nahi duguna», adierazi du Gaztañagak. Gainera, azokan ateratako irabazien zati bat, Nava Jeevan Calcutako umezurztegiko haurrei laguntzeko elkartera bideratuko dute. 16:30eatik 20:30eara egongo da zabalik azoka.
Azoka herrira hedatzeko nahia
Aurreko urtean hasi zuten ekimena artisaugileek; «proiektu txiki bat bezala sortu genuen, gure artean elkartzeko aitzakia bat izan zen». Iaz lau lagunek hartu zuten parte, baina oraingoan zestoar gehiago batu dira ekimenera; artisautzaz gain, turroiak eta gabonetako gozoak, herrian jasotako sendabelarrekin egindako kosmetika naturala, Indiatik ekarritako materiala eta lentzeria izango da salgai aurtengoan. «Zestoan artisau pila bat gaude, baina inoiz ez dugu izan aukerarik gauza hauek guztiak erakusteko, eta askok kanpoko azoketara jotzen dute. Zoro Ferian ere postu ugari egoten dira, baina gehien bat elikagaienak izaten dira, eta horregatik uste dugu aukera polita dela azoka». Hori hala izanik, aurreko urtean izan zuten erantzuna errepikatzea espero dute antolatzaileek; «Zestoan oraindik falta da halako txoko bat, eta azokak harrera oso ona izan zuen iaz. Hasieran ez zen gure ideia kanpoko jendea etortzea, lagunarteko zerbait egitea nahi genuen. Aurten, berriz, ekimena herrian zabaltzea nahi dugu».
Egitasmoan parte hartu nahi duten zestoarrek badute oraindik horretarako aukera, Gaztañagarekin harremanetan jarriz. Lekua «nahiko txikia» izanda ere, «esku zabalik» hartuko dituztela adierazi dute antolatzaileek.