Urola Erdiko Zerbitzuen Mankomunitateak auzo-konposta eta auto-konposta bultzatzeko Gaurkoa nola... biharkoa hala. Zuk ekarri denon ongarri kanpaina du martxan. Zestoako Udalak kanpainarekin bat egin du, eta auzo-konpostarako edota konposta komunitarioko ekimenari heldu, eta dagoeneko udalerriko lehen gunea abian jarri dute. Hau da, Zubimusu kalea eta Idiazpi auzunearen arteko aparkaleku ondoan jarri duten gunean hainbat familia etxean sortutako hondakin organikoarekin konposta egiten hasi da.Udalak herrian eremu publikoak prestatuko ditu bizilagunek erabili ahal izateko. Toki hauetan kospostagailu komunitarioak jarriko dituzte, herritarrek hondakin organikoa tratatzeko aukera izateko, konposta lortuz. Zestoako Udaleko Ingurumen Sailetik azaldu dutenez, ekimenaren helburua hondakin organikoak herritarrek eurek kudeatzea da. «Etxean gero eta hondakin gehiago sortzen dugu, eta zati handiena organikoa da. Etxean sortutako hondakina konpostarako erabiliz familia batek sortzen duen hondakinen kopurua %40-50 gutxitu eta garraioan energia aurrezten da», diote. Dagoeneko, aurreneko pausoak eman dituzte Zestoan, eta hainbat herriko familia auzo-kosposta egiten hasi da, herri gunean; hau da, Zubimusu kalea eta Idiazpi auzunearen arteko aparkalekuaren ondoko belardian. Udalak azaldu duenez, joan den uztailaren 10ean auzo-konpostari buruz herritarrak informatzeko bilera bat egin zuten Zestoan. «Orduan, herriko bi gune aukeratu ziren auzo-konposta egiteko taldeak osatzeko: bata, herriko herrigunean, eta bestea, Iraetan, Sabea kalean». Parte hartu nahi duten herritarrek edo familiek izena emateko aukera zabalik du udalak. Herriko lehen auzo-konposta gunerako dagoeneko 46 familiak dute izena emanda. Familia horietako kideek hilaren 16an formakuntza saioa jaso zuten, baita beharrezko materiala jaso ere. Behin funtzionamenduaren gaineko informazioa jasota, joan den asteartetik euren etxeetan sortzen duten hondakin organikoa konposta egiteko gune komunitariora eramaten hasi dira. Hala, herriko ekimeneko lehen auzo-konposta gunea dagoeneko martxan dago. Taldeak osatuta, gune berriak Bigarren auzo-konposta gunea datorren hilean martxan jarriko dutela azaldu dute Zestoako Ingurumeneko arduradunek. Baina martxan jarri aurretik, ekimenean parte hartzeko izena emanda dutenekin formazio saioa antolatuko dutela iragarri dute. Etxean sortutako hondakin organikoa kudeatzeko herritarren bi guneak zehaztuta ditu Zestoako Udalak. Baina auzo-konposta egin nahi duten familien taldeak osatu ahala, udalerrian eremu berriak prestatzen joateko asmoa dute. Oraindik izena eman gabe egon eta ekimenean parte hartzeko nahia duten herritarrek bai informazioa eskuratzeko edota baita izena emateko ere Zestoako Udaleko Ingurumen Sailera jo dezakete: telefonoz 943-147010 zenbakira deituta edota posta elektronikoaren bitartez ingurugiro@zestoa.net helbidera zuzenduta.

