Mikel Arregi Ertxin (Zestoa, 1968) Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidente berria da. Federazioko zuzendaritza batzorderako beren hautagaitza bakarrik aurkeztu denez, bera izendatu dute lehendakari. Arregi Zestoako Pilota Elkarteko kidea ere bada.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko lehendakari hautatu berri zaituzte. Nondik nora aurkeztu duzue hautagaitza?
Beste elkarteetako jendeak deituta, hainbat bilera egin genuen. Asko hausnartu ostean, pentsatu genuen egokia izan zitekeela pilota basean edo oinarrian ibiltzen den jendeak hartzea Gipuzkoako pilotako zuzendaritza. Talde bat elkartu eta hautagaitza aurkeztu genuen. Gero, baten batek presidentea izan behar duenez, niri egokitu zitzaidan kargua izatea, baina ni bezalaxe beste edonor izan zitekeen. Ekipo baten barruan joan naiz. Hautagaitzak aurkezteko epea bukatu eta beste hautagaitzarik ez da aurkeztu, eta hauteskunderik ere ez da egin. Orduan, hautagaitza bakar horrek hartu du lau urterako zuzendaritza batzordea osatzeko ardura, eta hor niri egokitu zait presidentea izatea. Pilota elkarteetan lanean dabilen jendea zuzendaritza batzordean egotea da naturalena gure ustez, pilota afizionatuaren mundua ondoena ezagutzen duena pilota elkarteetako jendea delako.
Zein erronkarekin jardungo duzue lanean?
Azkeneko hamarkadan Gipuzkoako Pilota Federazioa aitzindaria da, lehiaketei dagokionez azken hamarkadan asko aurreratu da. Aitortuegin behar da hori. Gaur egun, Gipuzkoan, bigarren mailako alebinetatik gora, urte osoan lehiaketa ofizialetan jokatzeko aukera dago. Horrez gain, federatuen kategoria 14 urtetik gora mailakatuta dago. Hau da, pilotan hain ona ez denak ere aukera dauka pilotan galtza zuriekin jokatzeko. Orain dela bi hamarkada, pilotan ona zenak aurrera egiten zuen, eta ona ez zena baztertuta gelditzen zen. Alde horretatik aurrerapauso handia eman da. Baina pilotaren oinarriaren egoera, Gipuzkoa mailan ere, hauskorra da. Jende piloa ibili da borondatez lanean, eta jende horri esker irten dira pilotariak. Baina jende horrek, arrazoi batengatik edo besteagatik, pilota uzten duenean, ia desagertzeko zorian gelditzen da toki horietan. Gure erronka nagusia hor dago. Uste dugu federazioak herrietako pilota eskolak indartzeko erabili behar dituela baliabideak, eta pilota elkarteei laguntzeko. Beraz, pilota elkarteekin harremanak-eta sendotzea izango da gure erronka nagusietako bat.
Federazioko zuzendaritzari heldu diozuenak ere pilota elkarteko kideak zarete. Ez al da hala?
Bai, zuzendaritza batzordea osatzen dugun ia denok pilota elkarteetan gabiltzanak gara. Gu ere pilotaren oinarrian edo basean gabiltzanez, pixka bat ezagutzen dugu. Beraz, erronka nagusia hori izango dugu, Gipuzkoako herrietako pilota eskolak indartzea, eta ez eskolarik ez dagoen tokietan sortzea. Pilota gehienbat herri txikietan bizi dela nabarmena da. Biztanle askoko eremuei dagokionez, Donostiak baditu auzo batzuk tradizio handia eduki dutenak pilota munduan. Baina, beste batzuetan, Irunen edo Orereta inguruan, esaterako, biztanle kopuru ikaragarria dago, baina kasik pilota eskolarik ez dago, edo daudenak oso ahul daude. Gure ustez, eremu horietan ere badago premia pilota eskolak edo elkarteak sortu edo indartzeko.
Herrira etorrita, Zestoan pilota elkartea gaztea da, sortu berria.
Bai, laugarren denboraldia dugu. Hemen ere halaxe gertatu zen. 1980ko hamarkadan pilotak dezenteko beherakada izan zuen, pilota federatua ia desagertzeraino. Guk orain lau denboraldi elkartu, bertako kirol arduradunekin hitz egin, eta pilota elkartea sortu genuen. Lan pixka bat eginda, horrelako herri batean aurrera egiten da. Egia da hori. Euskal Herrian ia herri guztietan dago frontoia. Euskal Herriko herrietako paisaia zerbaitek bereizten badu, pilotalekua da hori. Zentzu horretan, lan pixka bat eginez, eta beste munduko gauzarik egin gabe oso harrera ona izan zuen elkarteak herrian. Antolatzen hasi eta berehala ume piloa jarri genuen pilotan. Zestoako frontoiko paisaian umeak behintzat pilotan ibiltzen dira. Hori lortu dugu.
Aukera gutxiago dute neskek.
Berdintasuna asko aipatzen da, baina berdintasunetik oso urruti gaude. Eskola kirolean eta maiatzeko herriko jaietan neskentzako eta mutilentzako pilota txapelketak antolatzen ditugu. 12 urtera arteko lehiaketa ofizialetan neskek jokatzeko aukera badute, eta nik bi kasu bakarrik ikusi ditut; aurten, uste dut ez dagoela inor. Eskola kirolean parte hartzen dute neskek, baina gero federatuetan neskek ez daukate lekurik eskuzkoan. Palan bai, eta hor txapelketak badaude Emakume Pilotariren barruan; toki batzutan oso ondo funtzionatzen dute, gainera. Guri dagokigunez, hor badaukagu zeri heldu. Emakume Pilotari ekimena Azkoitian martxan da, eta Zestoan ere ahalegina egin nahi dugu. Federaziotik bultzatu beharreko kontua da, eta ari da, baina hor gauza askok talka egiten dute. Zoritxarrez, gure irudimenean kirol jakin batzuk genero bakar batekin lotzen ditugu, eta badirudi besteak ezin duela kirol hori praktikatu, eta ez da zertan hala izan.
