Euskararen Kontseiluak, Euskaraz bizi nahi dut kanpainaren baitan, herri lasterketak antolatu ditu larunbaterako hainbat herritan. Urola Kosta eskualdean Zestoan eta Azpeitian izango dira. Zestoan 12:00etan hasiko dira probak txikienekin, eta Azpeitian, berriz, 17:00etan hasiko da lasterketa herriko plazan.
Lasterketa batean zein bestean parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman dezakete izena, proba hasi baino bi ordu lehenagotik. Bai Zestoan eta bai Azpeitian haurrentzako eta helduentzako lasterketak antolatu dituzte.
Euskararen Kontseiluak azaldu duenez, lasterketan parte hartzea, euskaraz bizitzeko nahia «harrotasunez eta elkar hartuta» adierazteko beste aukera bat izango da. Lasterketak ez dira lehiak izango, eta familia giroan egiteko modukoak direla esan dute: «Izan ere, euskaraz, lasterka egin eta ondo pasatzea baita helburua».
Urola Kostan Zestoan eta Azpeitian antolatu dituzte lasterketak, baina Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere izango dira larunbat honetan. «Ehunka, milaka herritarrek batera adieraziko dugu euskaraz bizitzeko dugun nahia, une berean eta modu berean, lasterka eginez. Guztiok norabide berean boga eginez lortuko dugu euskaraz bizitzeko nahia egikaritzea».
Kamisetak salgai
Lasterketan izena ematerako orduan, Euskaraz bizi nahi dut lelodun kamisetak eskuratzeko aukera egongo da. Zestoako kasuan, lasterketarako izena ematen dutenen haurren kasuan, Zestoako Udalak ordainduko diete kamiseta.
Azpeitian, larunbat arratsaldeko lasterketan elastikoa erosteko aukera jarriko dute. Baina bihar arratsaldean herriko plazan eta larunbat goizean Sanjuandegin kamisetak saltzeko postuak jarriko dituzte.
—————————–
Euskaraz bizi nahi dut lasterketak
Zestoa
Izen-ematea. Haurrek larunbatean bertan eta helduek, bihar arte, Udaleko Euskara Zerbitzuan. Bestela, lasterketaren egunean, 10:00etatik 11tara bitartean. Parte hartzeko haurrek 2 euro ordaindu behar dute, eta helduek 10 euro kamisetarekin eta gabe 5 euro.
Lasterketak eta ordutegiak.
- Txikiak (HH eta LH1), 12:00etan dute irteera eta 200 metro egin beharko dituzte.
- Infantilak (LH3-LH6), 12:10ean, 500 metro.
- Jubenilak (12-17 urte), 12:20an, 1.000 metro.
- Helduak (18 urtetik gorakoak): 12:30ean, 5.000 metro.
Azpeitia
Izen-ematea. Larunbatean bertan, 15:00etatik aurrera, herriko plazan. Haurrek bi euro ordaindu beharko dute eta kamisetarekin, zazpi euro. Aldiz, helduen bost euro ordaindu beharko dute, eta kamisetarekin hamar euro.
Lasterketa. 17:00etan hasiko da herriko plazatik, eta alde zaharreko kaleak zeharkatu ondoren plazan bukatuko da.