Eskualdeko udalek enplegu plana sortu dute, lana sustatzeko asmoz

Urola Kostako Hitza 2012ko irailaren 13a

Azkoitiko, Azpeitiko, Aizarnazabalgo, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako udalek enplegu plan bateratua eramango dute aurrera, «egungo testuinguru ekonomiko larria aritzenko» eta eskualdeko enpresetan lana herritarrentzat sustatzeko, eta egitasmoaren bidez herritar eta enpresen «premia» lehenetsiko dute. Izan ere, Leire Etxeberria Zestoako alkatearen arabera, egungo egoera «zaila» de eskualdean. «Inguruko hainbat enpresa ixten ikusten ari gara azken denboraldian: langileak kalera joaten, herritarrak zailtasun ekonomiko larriak izaten». Hala, udaletan «alarma gorri guztiak» piztuta daudela jakinarazi du Zestoako alkateak, arlo ekonomikoan ez ezik, ondorio sozial «nabarmenak» dituelako krisiak: «Eskualdeko lantegian itxierak eta jendea langabezian egoteak ez du herria soilik ekonomikoki pobretzen; gaure ongizatea kaltetzen du, herri izaeran eragiten du, herri eta eskualdeak ahultzen ditu, elkarbizitza sano eta egoki bat oztopatzen digu guztioi», berretsi du Etxeberriak. Planaren bidez eskualdean «pixkanaka igotzen ari den langabeziari» aurre egin nahi diote udal ordezkariek. Hala, egitasmoak hiru ardatz izango ditu; lehenengo pausoa izango da eskualdearen merkatua eta egoera sozio-ekonomikoaren diagnosia egitea. Horren inguruko «argazkia» egingo dutela adierazi du Eneko Etxeberriak, Azpeitiko alkateak. Behin diagnostikoa eginda, plana osatzeko estrategiak zehaztuko dituzte, eskualdean langabezian dauden herritarrak lana bilatzera bideratu ditzaten. Horretarako helburuak definituko dituzte; hala nola, «lanerako gaitasunak biderkatzeko» bitartekoak eta ikerketa, garapena eta teknologia berriak indartuko dituztela eta ekintzailetasuna sustatuko dutela jakinarazi du Azpeitiko alkateak. Lehenengo bi urratsak datozen bi hilabetetan egiteko asmoa dute eskualdeko sei udalek. Behin hori amaitutakoan, proiektu zehatzak aurkeztuko dituztela aurreratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide