Arrauna, barrua eta kosta lotuz

Zestoako Hitza 2012ko abu. 10a, 06:35

Ez da oraingo gauza, lehorrekoak arraunean ibiltzea. Atzera eginda: 1984ko irailaren 9a egun historikoa izan zen Zumaian; lehendabiziko aldiz Kontxako Bandera irabazi zuen Telmo Deunek. Horrez gain, denboraldi hartako bandera guztiak eskuratu zituzten Zumaiako mutilek. Talde hartan, lehorreko koadrila handi bat zegoen; besteak beste Azpeitiko, Urrestillako, Matxinbentako eta Errezilgo baserritarrak. Denboraldia bukatu ostean, Azpeitian ere ongietorria egin zitzaien arraunlari haiei. Lehorreko hainbat emakumek ere izan dute arraunerako tentazioa. Orain dela hamar urte, Zumaiako Aita Marin bateletan gutxienez Azkoitiko eta Azpeitiko lau emakume bazebiltzan. Gaur egun ere, barrualdeko dozenatik gora arraunlari dabiltza Urola Kostako traineruetan: Zarautzen, Igor Sagardogi azpeitiarra eta Jon Unanue azkoitiarra; Getarian Joseba Zumeta eta Xabier Peña aizarnazabaldarrak; Orion Xabier Bereziartua zestoarra; eta Zumaian, gizonezkoetan, Iparra Larzabal azkoitiarra, eta Xipri Elorza eta Iker Peña zestoarrak, eta emakumezkoetan, Ane Aizpurua aizarnazabaldarra, Itsaso Aramendi eta Naiara Perez azpeitiarrak, eta Atsegin Odriozola eta Nagore Iraolagoitia zestoarrak. Probatze aldera hasita «Probatze aldera» hasi ziren arraunean Igor Sagardogi eta Atsegin Odriozola. Sagardogi azpeitiarrak Zarautzen ekin zion arraunari orain dela hiru urte. «Arrauna probatzeko aukera sortu zitzaidan, eta anaiek eta lagunek bultzatuta hasi nintzen». Odriozola zestoarra, berriz, orain dela sei urte hasi zen Zumaian. Hondartzarako bidean arraunean entrenatzen ari zirela ikusi, eta probatzera tentatuta. «Hondartzarako bidean, [...]

Ez da oraingo gauza, lehorrekoak arraunean ibiltzea. Atzera eginda: 1984ko irailaren 9a egun historikoa izan zen Zumaian; lehendabiziko aldiz Kontxako Bandera irabazi zuen Telmo Deunek. Horrez gain, denboraldi hartako bandera guztiak eskuratu zituzten Zumaiako mutilek. Talde hartan, lehorreko koadrila handi bat zegoen; besteak beste Azpeitiko, Urrestillako, Matxinbentako eta Errezilgo baserritarrak. Denboraldia bukatu ostean, Azpeitian ere ongietorria egin zitzaien arraunlari haiei.
Lehorreko hainbat emakumek ere izan dute arraunerako tentazioa. Orain dela hamar urte, Zumaiako Aita Marin bateletan gutxienez Azkoitiko eta Azpeitiko lau emakume bazebiltzan.


Gaur egun ere, barrualdeko dozenatik gora arraunlari dabiltza Urola Kostako traineruetan: Zarautzen, Igor Sagardogi azpeitiarra eta Jon Unanue azkoitiarra; Getarian Joseba Zumeta eta Xabier Peña aizarnazabaldarrak; Orion Xabier Bereziartua zestoarra; eta Zumaian, gizonezkoetan, Iparra Larzabal azkoitiarra, eta Xipri Elorza eta Iker Peña zestoarrak, eta emakumezkoetan, Ane Aizpurua aizarnazabaldarra, Itsaso Aramendi eta Naiara Perez azpeitiarrak, eta Atsegin Odriozola eta Nagore Iraolagoitia zestoarrak.
Probatze aldera hasita
«Probatze aldera» hasi ziren arraunean Igor Sagardogi eta Atsegin Odriozola. Sagardogi azpeitiarrak Zarautzen ekin zion arraunari orain dela hiru urte. «Arrauna probatzeko aukera sortu zitzaidan, eta anaiek eta lagunek bultzatuta hasi nintzen». Odriozola zestoarra, berriz, orain dela sei urte hasi zen Zumaian. Hondartzarako bidean arraunean entrenatzen ari zirela ikusi, eta probatzera tentatuta. «Hondartzarako bidean, lagunartean komentatzen genuen probatzeko aukera, eta behin animatu, eta hortxe jarraitzen dugu», dio zestoarrak. Miren Ibarguren arroarrarekin batera hasi zen.
Barrualdekoen kasuan, gehienetan arraunean probatze aldera hasten direla dio Odriozolak. «Zumaian-eta eskolatik arraun ikastaroak egin ohi dituzte askok, eta hortik hasten dira, baina gure kasuan horrelakorik ez dago».
Hasierak, gauza guztietan bezalaxe, ez direla samurrak diote bi arraunlariek. «Hasieran arraroa zen dena, inor ez genuelako ezagutzen. Baina, poliki-poliki, aldageletan jende bera ikusi, eta lagunak egiten dituzu», dio zestoarrak. Teknika ere hartu artekoa dela dio: «Guk aurretik futbolera-eta jokatuta geunden. Baina futbola eta arrauna desberdinak dira. Teknikari ere pixkanaka hartzen zaio tamaina».
«Hasiera, dena bezala, gogorra da. Teknika eta fisikoa hartu artekoa da, ordea. Gero, gustagarria egiten da», azaldu du Sagardogik. Hala ere, «sakrifizioa» eskatzen duen kirola da arrauna: «Urtean zehar gogorra da. Bizpahiru hilabetean gozatzeko, aurretik lan asko egitea eskatzen duen kirola delako. Trainerillak hasi arte ez da batere gozatzen; orduantxe hasten da konpetizio kutsua hartzen. Gero, ordea, uda di-da pasatzen da». Hala ere, aurretik kirola eginez gero, «sakrifizio» hori zer den jakiten dela dio Sagardogik. «Neu aurretik bizikletan ibilitakoa naiz, eta hori lagungarria da. Arraunak eskatzen duen konpromiso hori hartzea aurretik banekien zer zen».
Sakrifizioa eskatzen duen kirola izan arren, alde positiboak ditu arraunak Odriozolaren ustez. «Arraunak konpromisoa eskatzen du, eta askotan ingurukoek alde zail hori gehiago ikusten dute alde positiboa baino. Udan arraunean ibiltzeak zer suposatzen duen badakite. Hala ere, gu zein gustura gabiltzan ikusita, lagunen bat edo beste animatu izan da arraunean hastera».
Lagunartean, giro bikainean
Lagunarte eta giro bikainean dabiltzala diote lehorreko bi arraunlariek. «Zarautzen oso gustura nabil. Giro polita dago. Gazte piloa gaude, eta hori antzeman egiten da; geure artean ondo eramanez gero, taldeak ere ondo funtzionatzen du». Zumaian ere «familia txiki bat» bezala direla dio Odriozolak: «Hortxe segitzen dugu, eta hori ez da seinale txarra».
Entrenamenduetarako kostara joan-etorrian ibiltzen dira biak autoz, jaioterrian bizi baitira. «Gu hasi ginenean, autobusez joaten ginen Zumaiara. Gero, Zestoako entrenatzailea izan genuen, eta harekin joaten ginen. Orain, berriz, autoz joaten gara».
Astez astekoari begira jarrita daude azpeitiar eta zestoar arraunlariak orain. «Lan gogorrena eginda dago, fondoa hartuta dugu, eta entrenamenduak arinagoak dira. Orain astez astekoari da garrantzitsua. Mailari eutsi eta estropadaz estropada aurrera egitea da gure erronka», dio Sagardogik. «Ahalik eta lan onena» egin nahi du Odriozolak. «Bi liga dauzkagu jokoan, eta ahalik eta paper onena egin nahi dugu. Irailean ere saiatuko gara lan polita egiten».
Lehorrekoak direlako, kostaldekoek adarra jo izan diete. Baina denen beharra dago aurrera egingo badute: «Jardun izan digute, baina badakite elkarren beharra dugula, guk haiena eta haiek gurea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide