
Kiroldegiko aterpean izango da garagardo festa, abuztuaren 23tik 26ra bitartean (Argazkilaria: Nerea Uranga)
Zestoako herriko festak eta udako ekitaldiak antolatzeko Festa Batzordeak egindako bileretan sortu zen herrian garagardo festa antolatzeko ideia, eta adin askotako sei-zazpi laguneko taldea ari da asmoa aurrera eramaten. Abuztuaren 23tik 26ra bitartean izango da Zestoako zerbeza festa, kiroldegiko aterpean.
«Festa Batzordean herritar dezente elkartzen gara, eta han aurtengo herriko festak antolatzeko aurrekontu murritza izango zela esan zen. Beraz, garagardo festan ateratzen den dirua festak finantzatzeko erabiliko da», dio Zestoako garagardo festaren antolatzaileetako bat den Imanol Ugartek. Garagardo festan lanean jarduteko prest dauden herritarrak antolatzen dabiltzanekin harremanetan jartzeko ere eskatu du Ugartek, «lanerako prest dagoen herritar talde bat osatuta dago, baina gehiago ere hartuko genituzke».
Zestoan aurreneko aldiz egingo dute garagardo festa, eta «Azpeitian eta Azkoitian egiten denaren tankerakoa» izango dela aurreratu dute antolatzaileek. «Zerbeza desberdinak dastatzeko aukera egongo da eta baita jatekoa eta musika ere», adierazi dute. Oraindik gauzak lotzen ari dira. Baina, Zestoako garagardo festa lau egunetan egongo da irekita: hilaren 23an eta 24an (osteguna eta ostirala) gauez egongo da irekita eta hilaren 25ean eta 26an (larunbata eta igandea) eguerditik aurrera. «Hainbat ekitaldi nahi ditugu antolatu, musika, bertsolariak, mus txapelketa… Baina, oraindik orduak eta egunak zehazteko dauzkagu».