XLI. Dinastia Etxabe eskuz binakako pilota txapelketa abian jartzeko prest dago. Etzi, uztailaren 27an, ekingo diete aurrekanporaketako partidei, eta hilabete geroago, abuztuaren 30an jokatuko dituzte finalak, bai jubenil mailan bain nagusi mailan. Aurten ere, bosgarren aldiz jarraian, Zestoan jokatuko dute txapelketa, nahiz eta txapelketa Zumaiako Kirol Elkarteak antolatzen duen.
Ohiko legez, 40 pilotarik hartuko dute parte aurtengo ekitaldian: 12 bikote 23 urtez azpiko nagusien mailan, eta 8 bikote jubenil mailan, Euskal Herriko lurralde gehiengo bat ordezkatuz. Gipuzkoarrak 22 pilotari izango dira; nafarrak 8; bizkaitarrak 6; arabarrak 3; eta Ipar Euskal Herriko bat, Donibane Lohizuneko Simun Etchevers pilotari jubenila.
Aurrekanporaketak
Nagusi mailakoek aurrekanporaketak jokatuko dituzte bi jardunalditan. Lehena etzi egingo dute: alde batetik, Etxaniz-Unanua Gallurralde-Irustaren aurka neurtuko ditu indarrak, eta bestetik, Santxo-Galarzak beste horrenbeste egingo du Mendinueta-Zubiriren aurka. Bigarren jardunaldia, berriz, abuztuaren 2an egingo dute. Partida hauek eta gainerako guztiak Zestoako pilotalekuan jokatuko dira, 22:00etatik aurrera.