Iaz ekindakoari jarraituz

Nerea Uranga 2012ko uztailaren 18a

Iazko udan egin zuten aurrenekoz Lili burdinolaren ingurua berreskuratzeko auzolandegia. Aurten, berriz, lanari heldu diote 15 eta 18ra urte bitarteko gazteek, eta uztailaren 27ra arte, goizero, lanean jardungo dute Ekainberri aurreko eremuan. Bi begiralek eta arduradun batek lagunduta, hamalau gazte ari dira Zestoako Liliko presaren eta burdinolaren arteko ubidea garbitzen. Auzolandegia Kutxaren Ekoguneak antolatutakoa da, Aranzadi Zientzia Elkartearekin, Zestoako Udalarekin eta Ekain Fundazioarekin elkarlanean. Lili burdinola zaharraren hondakinak Ekain bailaran daude, Ekainberriren aurrean, eta Sastarrain errekaren ertzean. Ola XVII. eta XVIII. mendeen artean eraikitakoa da, burdina manipulatu eta ekoizteko. Azpiegitura Lili jauregiren menpe zegoen orduan. Auzolandegiaren antolatzaileen arabera, azpiegitura hori berreskuratzea «garrantzi handikoa» da paisaiaren bilakaera historikoa azaltzeko. Auzolandegian parte hartzen ari diren gehienak gipuzkoarrak dira, baina tartean hiru gasteiztar ere badaude. Egonaldia Zestoako Herri Eskolan ari dira egiten. Goizez burdinola berreskuratzeko lanean jarduten dute, 09:00etatik 13:00ak ingurura arte. Baina, arratsaldeak beste ekimen batzuei eskaintzen dizkiete. Atzo, esaterako, Ekainberri bisitatu eta tailerrak egiteko asmoa zuten. Izan ere, burdinola berreskuratzearekin batera uraren eta energia garbien erabilera iraunkorrak landuko dituzte. Iaz, burdinola zaharra eta presa garbitzeko lanak egin zituzten auzolandegian. «Zuhaitzez eta landarez beteta zeuden bi azpiegiturak, eta iaz, batik bat, haiek garbitu ziren», azaldu du Ander Izagirre begiraleak. Astelehenean hasi zuten [...]

Auzolandegia

Zestoako Lili burdinola zaharra berreskuratzeko auzolandegikoak, atzo, lanean (Argazkilaria: Nerea Uranga)

Iazko udan egin zuten aurrenekoz Lili burdinolaren ingurua berreskuratzeko auzolandegia. Aurten, berriz, lanari heldu diote 15 eta 18ra urte bitarteko gazteek, eta uztailaren 27ra arte, goizero, lanean jardungo dute Ekainberri aurreko eremuan.

Bi begiralek eta arduradun batek lagunduta, hamalau gazte ari dira Zestoako Liliko presaren eta burdinolaren arteko ubidea garbitzen. Auzolandegia Kutxaren Ekoguneak antolatutakoa da, Aranzadi Zientzia Elkartearekin, Zestoako Udalarekin eta Ekain Fundazioarekin elkarlanean.

Lili burdinola zaharraren hondakinak Ekain bailaran daude, Ekainberriren aurrean, eta Sastarrain errekaren ertzean. Ola XVII. eta XVIII. mendeen artean eraikitakoa da, burdina manipulatu eta ekoizteko. Azpiegitura Lili jauregiren menpe zegoen orduan. Auzolandegiaren antolatzaileen arabera, azpiegitura hori berreskuratzea «garrantzi handikoa» da paisaiaren bilakaera historikoa azaltzeko.

Auzolandegian parte hartzen ari diren gehienak gipuzkoarrak dira, baina tartean hiru gasteiztar ere badaude. Egonaldia Zestoako Herri Eskolan ari dira egiten. Goizez burdinola berreskuratzeko lanean jarduten dute, 09:00etatik 13:00ak ingurura arte. Baina, arratsaldeak beste ekimen batzuei eskaintzen dizkiete. Atzo, esaterako, Ekainberri bisitatu eta tailerrak egiteko asmoa zuten. Izan ere, burdinola berreskuratzearekin batera uraren eta energia garbien erabilera iraunkorrak landuko dituzte.

Iaz, burdinola zaharra eta presa garbitzeko lanak egin zituzten auzolandegian. «Zuhaitzez eta landarez beteta zeuden bi azpiegiturak, eta iaz, batik bat, haiek garbitu ziren», azaldu du Ander Izagirre begiraleak.
Astelehenean hasi zuten auzolandegia, baina atzo ekin zioten lanari. Aurrena, burdinolatik presara bitartean bidezidor bat ireki zuten. «Bidexka bat garbitu dugu eskorgarekin hara eta hona errazago ibiltzeko». Halaxe ari ziren gazteak, lurra edota hondakinak atera, eta eskorgarekin bazter batera eraman eta han pilatzen. Gaztea lanean gogoz ari direla zioen auzolandegiko begiraleak.

Ur-hornikuntzarako ubidea garbitzeaz gainera, burdinolako urtegia garbitu, hondakinak kendu eta sendotu egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide