Gaur hasi eta datorren astelehenera bitartean Karmen jaietan murgilduko ibiliko dira Arroa Behean. Dena den, astelehenean ez dituzte ekitaldi guztiak bukatuko, hilaren 20rako herri afaria eta dantzaldia antolatuta baituzte.
Gaur, festetako protagonista nagusiak Arroa Beheko erretiratuak izango dira. Eguerdian, Karmengo Amaren elizan meza izango dute. Aurten, gainera, meza ondorengorako erretiratuentzako toka txapelketa antolatu dute. Lehiaketaren ostean, bazkaria izango dute Ederki elkartean. Arratsaldean, munduko jaki desberdinak dastatzeko aukera izango da Arroabean.
Haurren txanda bihar izango da Karmen jaietan. Goiz guztian zehar haurrentzako jolasak izango dira Arroabean eta ondoren bazkaria egingo dute. Arratsaldean, Poxpolo ta konpainiaren ikuskizun berriarekin gozatzeko aukera edukiko dute haurrek eta baita txokolate-jana ere. Martxa!!! da pailazoen ikuskizun berria, eta horren baitan istorio eta lagun ugari izango da. Ikuskizun parte-hartzailea izango dela diote, «neska-mutilak emanaldiaren parte izango dira uneoro».
Bihar, iluntzean, berriz helduen danborrada izango da herriko kaleetan. Haurren danborra igande eguerdian egingo dute.
Larunbatean, koadrilen arteko paella lehiaketarekin hasiko dute festa eguna eta paella-janaren ostean lagunarteko lehiaketan sei taldek hartuko dute parte: Arroabeak, Arroagoiak, Aizarnazabalek, Iraetak, Zestoak eta Oikiak.
Igande arratsaldean, Arroabeko IV. Trikitilari Gazteen Txapelketa jokatuko da. Bertan, bost bikotek hartuko dute parte: Maite Txapartegi eta Ane Zulaika zestoarrak, Eider eta Lierni Tolosa hernaniarrak, Ane Loinaz eta Maider Galparsoro hernaniarrak, Olatz Laka eta Maddi Soroa hernaniarra eta oiartzuarra, eta Maria Lasa eta Izaro Otaegi zizurkildarra eta asteasuarra.
EGITARAUA
Uztailak 12, gaur, Erretiratuen Eguna
10:30. Bonbazoa eta suziriak jaiei hasiera emateko.
12:00. Erretiratuentzako meza Karmengo Amaren elizan.
Ondoren, Arroako erretiratuen lehen toka txapelketa.
14:00. Erretiratuentzako bazkaria, Ederki elkartean.
Bazkalostean, Maitane, Mirari eta Irati trikitilariak.
18:30. Pala txapelketako finalerdiak.
Jarraian, Munduko platerak ekimena. Arroan bizi diren jatorri askotako bizilagunek prestatuko dituzte jakiak.
22:30. Karmenetako Bigarren Mus Txapelketa Herrikoia
eta mahai jokoak, Ederki elkartean.
Uztailak 13, bihar, Umeen Eguna
09:00. Goiz osoan zehar haurrentzako jolasak.
Jarraian. Umeentzako bazkaria.
16:30. Umeen jolasetako sari banaketa.
17:00. Poxpolo Ta Konpainia pailazoen ikuskizuna.
Ondoren. Txokolate-jana.
19:00. Pala txapelketako finala.
20:30. Danborradan parte hartuko dutenen afaria, Ederki elkartean.
23:00. Helduen danborrada Arroabeko kaleetan zehar, Zestoako txarangarekin.
00:00. Ikurriña altxatuko dute Joxe Migel plazan, sirena hotsarekin batera.
Ondoren, Obaneuke taldearekin erromeria.
Uztailak 14, etzi, Koadrilen Eguna
10:30. Koadrilen arteko paella lehiaketa.
14:30. Koadrilen arteko bazkaria.
Bazkalostean. Paella lehiaketako sari banaketa.
17:30. Herrien arteko II. Norgehiagoka. Arroa Beheak, Arroa Goiak, Aizarnazabalek, Iraetak, Zestoak eta Oikiak hartuko dute parte.
19:30. Lopeneren zezenak, poniak eta basurdeak, Joxe Migel plazan.
22:00. Iseka taldearen kontzertua.
Jarraian. Tximeleta taldearekin dantzaldia.
Uztailak 15, igandea Euskal Jai Eguna
Goizean. Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
12:00. Meza nagusia, Karmengo Amaren elizan.
Ondoren. Arroa Beheko haurren danborrada.
18:00. Arroa Beheko IV. Trikitilari Gazteen Txapelketa.
Segidan. Herriko sagardoen dastaketa, pintxoekin lagunduta, frontoian.
22:00. Ai Ene! taldearekin erromeria.
Jarraian. Diskodantza goizaldera arte, herriko frontoian.
Uztailak 16, astelehena Karmengo Amaren Eguna
06:00. Karroza ibiliko da baserriz baserri, Olano soinu-jotzaileekin. Herrira heltzean, apaizak prestatutako baratzuri-jana.
12:00. Karmengo Amaren eguneko meza nagusia, Arroabeko abesbatzarekin.
Ondoren. Zestoako dantza taldearen ikuskizuna, frontoian.
17:30. Sei anai-arreba antzezlana egingo dute haurrek.
18:00. Tortilla lehiaketa. Ondoren, prestatutako tortilen dastaketa, sagardoarekin lagunduta, frontoian.
Jarraian. Hirugarren Zaldi Proba. Etxeberria, Santa Klara eta Etxetxok hartuko dute parte lehiaketan.
00:00. Festei bukaera emateko bonbazoa eta ikurriñaren jaitsiera.
Uztailak 20, ostirala
21:30. Herri afaria, frontoian.
Ondoren. Bikotekako dantza txapelketa, Diskodantzarekin.
Dantzaldia bukatutakoan. Diskodantzarekin dantzaldia goizaldera arte.
