Bost geltoki Historian Urola bailarako turismo eskaintza aurkeztu zuten joan den ostiralean Zestoan, Ekainberriko atarian. Urola bailaran, hogei kilometroren barruan, kokatzen diren lau gune eta herriz herri hainbat taberna bisitatuz, bisitariei bidaia bat egiteko aukera eskaintzen die aurkeztu duten turismo proposamenak.
Azkoititik Zumaiara bitartean bisitat daitezkeen lau guneak dira: Loiolako santutegia, Azpeitian dagoen Burnibidearen Euskal Museoa, Zestoan Ekainberri eta Zumaian Algorri interpretazio zentroa. Bosgarren geltokia gastronomikoa da, eta ekimenean taberna hauek hartuko dute parte: Azkoitian Bai Azkoitia Batzokia, Azpeitian Oñatz taberna, Zestoan Fati taberna eta Zumaian Kresala.
Urola bailarako turismoko eskaintza honetan lau guneak bisitatzeko txartel edo sarrera bateratua jarri dute aukeran, merkeago, 8,5 euro ordainduta; hau da, lau guneetarako sarreren prezioen batutaren %50 kostako da. Txartel bateratuak lau guneetarako sarrera eta taberna bakoitzean pintxo bat eta edari bat 1,50 eurotan hartzeko eskubidea eskaintzen du.
Txartelak edota sarrerak honako tokietan eskura daitezke: Loiolako santutegiko turismo bulegoan, Ekainberriko txartel salmentako leihatilan, edota turismo bulegoan, Zumaiako turismo bulegoan, Algorri Zumaiako Natur baliabideen interpretazio zentruan, eta Azpeitian Burnibidearen Euskal Museoan.
Eskaintza abendura artekoa
Eskaintza joan den larunbatean hasi zen, eta abenduaren 9ra bitartekoa da. «Azkoititik Zumaiara Urola bailara ezagutzeko aukeraz gainera, bidaia historikoa egiteko aukera eskaintzen diegu bisitariei, historiako zenbait aro, pertsonaia edota une interpretatuz eta lehen eskutik ezagutuz», azaldu dute bailarako turismo arduradunek eskaintzaren berri eman dutenean.
——————————————
Azpeitiko burdinbidearen museoak lurrun trena jarriko du martxan berriz
Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoan lurrun trena berriro martxan jarri dute, hori dela eta museoa eta Lasao arteko joanetorria trenean egiteko aukera egongo da. Udako denboraldirako jarri dute berriro zerbitzua martxan.
«Lurrun trenaren zerbitzua berreskuratzea ez da erraza izan», azaldu du Maitane Ostolaza museoaren zuzendariak. Lasaorako trenaren joanetorriaren eskaintza «hainbat arazo tarteko» atzeratu egin dela adierazi du Ostolazak. Lehen zerbitzua joan den larunbatean eskaini zuten, eta hemendik aurrera «modu iraunkor eta sendo batean» bermatuko dutela esan du.
Gainera, orain, Burnibidearen Euskal Museoaren Fundazioak, Lanbideren laguntzarekin, treneko makinistak eta suginak formatzeko ikastaro trinkoa antolatu du langabeentzako. Kurtsoa bukatzen denean, lan poltsa bat osatzeko asmoa dute museoko arduradunek.