Bolalumaren pedalkadak

Zestoako Hitza 2012ko ekainaren 22a

Grises musika taldea El hombre boligrafo diskoko izen bereko abestiaren bideoklipa grabatzen ari da. Disko bereko hirugarren single-a eta ikus-entzunezkoa izango da; Plastico Electrico-ren eta Parfait-en atzetik, alegia. Filmaketa bi zatitan banatu dute: lehena, ekainaren 9an egin zuten, Gasteizko Landa urtegian, eta bigarrena datorren astelehenean, ekainaren 25ean, egingo dute, Donostiako Igeldo atrakzio parkean. Aitor Guerrero eta Josu Torrealdai eibartarren zuzedaritzapean ekoizten ari dira hirugarren ikus-entzunezkoa. Parfait abestiaren bideoa ere bikote berarekin landu zuten, eta emaitzarekin gustura geratu zirenez, elkarlana errepikatzea erabaki dute. Bideoklip berriak, ordea, 1980eko hamarkadako kutsua izango du, ET edo Los Goonies bezalako garaiko abenturazko filmeak gogora ekarriz. Oraingoz argazki bat baino ez dute aurreratu, eta bertan Griseseko taldekideak bizikleta gainean ageri dira. Guztia lotuta duten arren, ez dakite ziur noiz hasiko diren telebistan ematen. «Diskoetxekoak begiratzen ari dira uztailean atera daitekeen. Ez dakigu udan proposamen berririk sartzen duten ala ez. Bestela, irailean izango da», dio taldeko abeslari eta gitarrista Eñaut Gaztañagak. Aurreko lanak bezalaxe, MTV eta KissTV bezalako kateetan emango dutela aurreikusten du. Urtebete positiboa Apirila bukaeran urtea bete zuen El hombre boligrafo-k, eta Grisesek modu positiboan baloratu du bere estreinako diskoaren orain arteko ibilera. «Jende askorengana heldu gara eta toki askotan jo dugu epe horretan. Egia [...]

Grises

Grises musika taldeak Gasteizko Landa urtegi inguruan filmatu du bideoklip berria (Argazkia: Grises)

Grises musika taldea El hombre boligrafo diskoko izen bereko abestiaren bideoklipa grabatzen ari da. Disko bereko hirugarren single-a eta ikus-entzunezkoa izango da; Plastico Electrico-ren eta Parfait-en atzetik, alegia. Filmaketa bi zatitan banatu dute: lehena, ekainaren 9an egin zuten, Gasteizko Landa urtegian, eta bigarrena datorren astelehenean, ekainaren 25ean, egingo dute, Donostiako Igeldo atrakzio parkean.

Aitor Guerrero eta Josu Torrealdai eibartarren zuzedaritzapean ekoizten ari dira hirugarren ikus-entzunezkoa. Parfait abestiaren bideoa ere bikote berarekin landu zuten, eta emaitzarekin gustura geratu zirenez, elkarlana errepikatzea erabaki dute. Bideoklip berriak, ordea, 1980eko hamarkadako kutsua izango du, ET edo Los Goonies bezalako garaiko abenturazko filmeak gogora ekarriz. Oraingoz argazki bat baino ez dute aurreratu, eta bertan Griseseko taldekideak bizikleta gainean ageri dira.

Guztia lotuta duten arren, ez dakite ziur noiz hasiko diren telebistan ematen. «Diskoetxekoak begiratzen ari dira uztailean atera daitekeen. Ez dakigu udan proposamen berririk sartzen duten ala ez. Bestela, irailean izango da», dio taldeko abeslari eta gitarrista Eñaut Gaztañagak. Aurreko lanak bezalaxe, MTV eta KissTV bezalako kateetan emango dutela aurreikusten du.

Urtebete positiboa
Apirila bukaeran urtea bete zuen El hombre boligrafo-k, eta Grisesek modu positiboan baloratu du bere estreinako diskoaren orain arteko ibilera. «Jende askorengana heldu gara eta toki askotan jo dugu epe horretan. Egia esan, oso gustura gaude diskoarekin, bideoklipekin eta jendearen harrerarekin». Epe horretan hiru single-a atera dituzte, eta hori «diskoa funtzionatzen ari den seinale» da.

Disko berria 2013ko urtarrilaren hasieran plazaratzekoak dira. Beraz, «El hombre boligrafo-ri azkeneko bultzada eman nahian, eta zuzenekoak jotzen jarraitzeko asmoz, dator hirugarren abestia eta bere ikus-entzunezkoa. Bien arteko zubia izatera dator, nolabait esateko». Atsedenik hartzeko denborarik ez dute hartu, alegia. «Musikaren egoera nola dagoen ikusita, ez genuen geldiaririk egin nahi. Bestela berehala desagertzen zara musika esparrutik», aditzera eman du taldekideak. Bigarren diskoarekin, gainera, ahalik eta jende gehiagorengana iristen saiatuko dira.

Lan berriaren grabazio-prozesuarekin hasi dira jada. Abesti berriak prestatzeaz eta antolatzeaz gain, sintetizadoreen zatiak grabatu dituzte. «Uda bitartean ia dena grabatu nahiko genuke.  Gero, nahasketak eta masterizazio egingo genituzke». Eñaut Gaztañagaren beraren Gaztain estudioan ari dira lanean.

Abesti berrietan jarraitzaileek aldaketaren bat edo beste antzemango dutela uste du abeslariak: «Orain arte bezala, dantzagarriak izango dira, eta baikorrak. Hala ere, zenbait unetan epikoagoak direla esan genezake; hau da, instrumentazio gehiago izango du, soinu beteagoa».

Abesti berriekin lanean ari diren bitartean, Grises taldeak zuzeneko emanaldiak eskaintzen jarraitzen dute. Espainiako udako musika jaialdietan bolo-bolo ariko dira aurtengoan. Bihar, esaterako, Huescako ICO Festival-en joko dute, eta, jarraian, ondorengo hauetan ariko dira: uztailaren 21ean, Teixero Rock-en (A Coruña); uztailaren 28an, Carmencita Festival-en (Veguellina de Orbigo, Gaztela-Lehoi); abuztuaren 4an, Arenal Sound-en (Burriana, Va­len­tzia); eta abuztuaren 18an, Festival V de Valarés-en (A Coruña). Bistakoa denez, musika talde zestoarra bolada onean dabil.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide