Herrian zekorketak antolatzearen inguruko eskaera-jasotzea antolatu du Zestoako Udalak ekainaren 3rako. Baina prozesuko hainbat konturekin ez daude ados Zestoako Zezenzale taldekoak eta zenbait herritar. «Zestoan festetan zezenak kentzea ahalbidera dezakeen eskaera-jasotzea dela-eta azken egunotan gertatu diren egoerek Zestoako zezenzaleen eta herritarren artean mesfidantza giroa sortu dute». Hala esan dute egindako azken agerraldian.
Esaterako, eskaera egiteko orrietan azaltzen denarekin ez daude erabat ados, haien esanetan «Zestoako zezenek askoz esnahia zabalagoa dutelako». Horrez gain, eskaera-orriak jasotzeko antolatu den moduarekin ere ez daude konforme. «Botoak edo eskari-orriak urnarik gabe jasoko dira, karpetetan gordez».
Zestoan zekorketak antolatzearen alde daudenen ustez, aurrez aipatutako kontuek «prozesua arraroa» bilakatu dute. «Botoak edo eskaerak urnetan jaso eta kontrol zehatza eraman beharrean, mesfidantza sortu da».
Hori dela eta, herritar guztien eskubideak ez direla «era berean» bermatzen uste dute zezenzaleek. Zezenzaleen ustez, «festetan askatasun osoz , zer ikusi aukeratzeko eskubidea kendu nahi digute». Gainera, Muu herri ekimeneko zenbait kidek udaleko zenbait ordezkarirekin egindako bilerak «mesfidantza areagotu» du zezenzaleengan.
Egoera horrek guztiak «kezka eta desengainua» eragin diela nabarmendu dute zekorketen aldekoek. Horrenbestez, herritarrei ekainaren 3an Zestoan zekorketak antolatzearen alde egin dezatela eskatu diete. «Zestoako historiaren parte den ekitaldi bat ez dezagun egun batetik bestera hiltzen utzi. Zestoarrok ez dugu horrelakorik merezi. Zezenak, giroa, Amparito Roca doinua, Zestoako Musika Banda, Erdikalea, plaza…». Zestoarrei zezenketak babesteko eskatu diete.
Zezenzaleek bideoa bat argitaratu dute, beraien ideiak defendatuz. Hona bideoa:
