Datorren urtean jarriko dute abian atez ateko hondakin bilketa Zestoan

Zestoako Hitza 2012ko maiatzaren 1a

Datorren urtetik aurrera atez ate bilduko dute zaborra Zestoan. Horrez gain, ekainaren 3an zekorketen etorkizunaz galdetuko diete herritarrei. Osteguneko udalbatzarrean oniritzia eman zieten bi proposamenei. Atez ateko bilketa ezartzea Bilduren aldeko botoekin onartu zuten, eta zekorketen ingurukoa, berriz, aho batez. Udalbatza aretoan zestoar asko bildu zen, eta bi gaiek zeresan handia eman zuten zinegotzi zein herritarren artean. Atez atekoaren ingurukoak sortu zuen eztabaida handiena, baina zerkorketen inguruko gaiak ere sortu zituen erreakzioak. Ixiar Sagartzazu zinegotziak azaldu zituen erabakiaren zergatiak: «Zestoako Udalaren helburu nagusietako bat herritarren ongizatea zaintzea da», nabarmendu zuen. «Gainera, urteak daramagu Urola Erdiko Udal Elkartearekin batera hondakinak bildu, eta Lapatx zabortegira botatzen». «Horrek kalteak eragiten ditu, eta birziklatzeko ahalegin guztiak baztertu, eta hondakin guztiak erraustea ez da bidea». Egun zestoarrek hondakinen %30 birziklatzen dute. «Zestoa garbia nahi dugu. Horregatik, eta Zestoan gauzak ongi egiten dakigulako, arazoari muinetik helduko diogu. Zero zabor politikarantz abiatuko gara», azaldu zuen. Herritarrekin bilerak «Zestoar guztiekin egin behar den zerbait» dela uste du Bilduk. Hori dela eta, hainbat bilera informatibo egingo dutela azaldu du udal gobernuak, hainbat auzotan, eta herrigunean bertan. Batzuk zehaztuta dauzkate dagoeneko, baina beste batzuk ere egingo dituztela aurreratu dute. Arroa Goiko eta Ibañarrietako bizilagunentzat maiatzaren 15ean prestatu dute bilera, 19:30ean. [...]

Datorren urtetik aurrera atez ate bilduko dute zaborra Zestoan. Horrez gain, ekainaren 3an zekorketen etorkizunaz galdetuko diete herritarrei. Osteguneko udalbatzarrean oniritzia eman zieten bi proposamenei. Atez ateko bilketa ezartzea Bilduren aldeko botoekin onartu zuten, eta zekorketen ingurukoa, berriz, aho batez. Udalbatza aretoan zestoar asko bildu zen, eta bi gaiek zeresan handia eman zuten zinegotzi zein herritarren artean.
Atez atekoaren ingurukoak sortu zuen eztabaida handiena, baina zerkorketen inguruko gaiak ere sortu zituen erreakzioak. Ixiar Sagartzazu zinegotziak azaldu zituen erabakiaren zergatiak: «Zestoako Udalaren helburu nagusietako bat herritarren ongizatea zaintzea da», nabarmendu zuen. «Gainera, urteak daramagu Urola Erdiko Udal Elkartearekin batera hondakinak bildu, eta Lapatx zabortegira botatzen». «Horrek kalteak eragiten ditu, eta birziklatzeko ahalegin guztiak baztertu, eta hondakin guztiak erraustea ez da bidea».
Egun zestoarrek hondakinen %30 birziklatzen dute. «Zestoa garbia nahi dugu. Horregatik, eta Zestoan gauzak ongi egiten
dakigulako, arazoari muinetik helduko diogu. Zero zabor politikarantz abiatuko gara», azaldu zuen.
Herritarrekin bilerak
«Zestoar guztiekin egin behar den zerbait» dela uste du Bilduk. Hori dela eta, hainbat bilera informatibo egingo dutela azaldu du udal gobernuak, hainbat auzotan, eta herrigunean bertan. Batzuk zehaztuta dauzkate dagoeneko, baina beste batzuk ere egingo dituztela aurreratu dute. Arroa Goiko eta Ibañarrietako bizilagunentzat maiatzaren 15ean prestatu dute bilera, 19:30ean. Arroa Behean, maiatzaren 17an izango da, 19:00etan, eta Aizarnan hilaren 22an, ordu berean. Herri gunean bat baino gehiago egingo dituzte, baina oraingoz bakarra zehaztu dute; maiatzaren 23an egingo da, 19:00etan. Iraetan maitzaren 24an bilduko dira auzotarrekin, 19:30ean. Ez zuten azaldu zein tokitan izango diren bilerak.
Josetxo Mendizabal EAJko zinegotziak «etxea teilatutik egin den sentsazioa» duela adierazi zuen. «Prozesuak alderantziz izan beharko lukeela iruditzen zait niri. Proposamen bat eta informazioa ekarri, eta aztertu egin nahi genuen. Ez dugu ulertzen zergatik hartu den erabakia presaka». Gaia mahai gainean jartzea proposatu zuen, aztertzeko. Alkateak erantzun zion lehenbizi EAJko ordezkariari: «Inor ez du sorpresaz harrapatu gaiak. Aspalditik gabiltza bueltaka. Herri programan ere jaso genuen». Erantzunaren aurrean, zinegotzien artean eztabaida sortu zen, eta geroago zenbait herritarrek ere hartu zuen parte.
Zekorketekin jarraitu ala ez
Zaborraren gaia bozkatu zenean, zekorketen gaiari heldu zioten. Eztabaida handirik gabe bozkatu zuten zekorketen inguruan herritarren eskaerak jasotzeari buruz. Aho batez onartu ostean, ekainaren 3an egingo dute galdeketa. Galde-erreguen ordua iritsi zenean, Buruzuri Zezen Elkarteko kide batek zekorketei eustearen aldeko sinadurak aurkeztu zituen; 500 baino gehiago. «Zekorketak mantentzearen alde ere herritar asko daudela erakusteko bildu ditugu sinadurak», adierazi zuen zezenzale elkarteko ordezkariak. «Eta horrek ez du esan nahi eskaera bilketan parte hartuko ez dugunik, ekainaren 3an». Muu herri ekimenak ere bildu ditu sinadurak; jakinarazi dutenez, zezenzaleak adina, 500. Eztabaidan murgildu ziren ostean zinegotziak eta herritarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide