Zekorketen aurkako Zestoako Muu herri ekimenak bizikleta martxa antolatu du larunbat arratsalderako. «Larunbateko ekitaldia ikuskizun odoltsuak amaitzeko urrats bat izan dadin nahi dugu», esan dute. Haur, heldu, gazte eta nahi duten guztientzako moduko jardunaldia antolatu dutela jakinarazi dute. «Guztien neurrirako plana edota familia giroan egiteko modukoa antolatu dugu».
Bizikleta martxa arratsaldeko lauretan abiatuko da Zestoako plaza nagusitik. Aurrena, herriko kaleetan barrena ibiliko dira bizikletaz, eta segidan Iraetara joango dira. 16:30ak aldearako auzoan izatea espero dute.
Handik Arroa Gora joango dira. Auzoa zeharkatu, eta Presalden barrena ibiliko dira, baserriz baserri. Seiak alderako Arroa Behera iritsiko dira. «Arroa Beheko kaleak zeharkatu ondoren, atseden hartuko dugu, mokadutxoa egiteko», azaldu dute.
18:45ak aldera irtengo dira Arroa Behetik Zestoako herrigunera. «19:30ak inguruan iristea espero dugu, eta herrian itzuli txiki bat egingo dugu».
«Ondo pasatzea» helburu
Bizikleta martxaren helburua aldarrikapena egiteaz gainera, «ondo pasatzea» dela nabarmendu dute Muu herri ekimeneko kideek. «Horregatik, oso-oso poliki ibiltzeko moduko ibilbidea antolatu dugu». Beraz, malda handiak igotzeko zailtasunak dituztenentzat eta haurrentzat furgonetak egongo direla azaldu dute ekimenaren antolatzaileek.
Martxa alaitzeko txistularien laguntza izango dute bizikletazaleek, Zestoan eta Arroa Behean. Horrez gainera, ibilbide guztia megafoniaren bidez musikak lagunduta egingo dute.
Ibilbide guztian zehar bizikletazaleen segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dituzte Muu herri ekimenekoek, bizikleta martxaren hasieran eta bukaeran.