Bihar joango da Zestoatik Mamadama Yasmane neskatoa. Atzo elkartu zen lagunekin, agur otordua egiteko. 2010eko abuztuan iritsi zen herrira, eta ordutik ezaguna egin da. Kalean dagoenean zenbat jendek agurtzen duen ikusi besterik ez dago. Paloma Aranbarriren etxean egon da hemeretzi hilabetez, eta «amama» deitzen dio. Jaiotzez Gineako Errepublikakoa da. Alaba bakarra da, eta jaioterrira itzuliko da asteazkenean, gurasoengana.
Urte eta erdi zeukala okotza hautsi, eta gaiztotu egin zitzaion. Belarren bidez sendatzen saiatu ziren, baina galdu egin zuen. Orain okotza eta beheko ezpaina falta zaizkio. Zazpi orduko bi ebakuntza egin dizkiote Aranbarrik bere etxean hartu zuenetik. Hankatik hezur zati bat hartu, eta okotz berria egin nahi diote, baina hamahiru urtera arte ezin zaio horrelakorik egin.

«Alaia da. Herri guztiak maite du», dio Aranbarrik. Zestoan ederki moldatzen dela ikus daiteke, bai eskolan, baita kalean ere. Aranbarri hau guztia kontatzen ari dela, alboan eseri zaio neskatoa. Jaiki eta azukrea eskatu dio tabernako zerbitzariari. Plater batera bota, eta goilaratxoarekin jan du, elkarrizketak iraun duen denboran. Noizean behin komunera eskuak garbitzera joateko baino ez da altxa. «Azukre zalea da oso», argitu du Aranbarrik. Euskaraz hitz egiten du, eta okotza jartzen diotenean «txorizo otartekoa» jan behar duela esaten die guztiei.
Ez du inongo harremanik izan gurasoekin. «Amonaren aitaren eta amaren argazkia daukagu. Ez telefonorik, ez inongo kontakturik», adierazi du Aranbarrik. Gizakien Lurra gobernuz kanpoko erakundearen bitartez iritsi zen Zestoara, eta ez diete kontakturik erraztu. «Elkartearekin ari gara lanean, eta kideek diotena egin dugu. Nigatik balitz, telefonoz tarteka hitz egingo genukeen. Senideren bat etxean hartuko nuela ere esan nien, baina ezetz esan zidaten».
Haur gehiago izan ditu etxean Aranbarrik. Uda pasatzen bost saharar izan ditu; bat ia urtebetez. «Baina Mamadama berezia izan da. Zazpi kilorekin etorri zen, eta ebakuntza egin ahal izateko pisua hartu beharra zeukan. Ebakuntzak oso bereziak izan dira, inori egin ez dizkiotenak». 2010eko ekainaren 20an iritsi zen Euskal Herrira, eta ahoa «erabat gaiztotuta» zeukala gogoratzen du Aranbarrik. Hura piska bat sendatu bitartean, ospitalean egon zen. «Gaiztotutakoak sendatutakoan, segituan gizenduko dut nik hau, esan nien medikuei». Orain hogei kilo gehiago da. Iazko Aste Santuan egin zioten aurrenengo operazioa, zazpi ordukoa. «Burdin bat jarri zioten aho inguruan, eta egunero-egunero, bertan zuen torlojua milimetro bat okertu behar izaten genion. Orduan sufritzen zuen». Bigarren ebakuntza ekainean egin zioten, eta aste guztian egon zen Zainketa Intentsiboetako Unitatean. «Paparreko azala okotz aldera tira zioten, baina gorputzak ez zuen onartu; hezurra behar du».
«Lan handia da», dio. Ezpainik ez daukanez, txistuarekin «goitik behera buztitzen da». Zapia eramaten du beti lepoaldean, txistuarekin arropak ez zikintzeko. Noizean behin aldatu egiten dio, azkar bustitzen baitzaio. Aldatzeko, poltsatik zapi sorta handi bat atera du. «Begira zenbat behar izaten dituen. Eskolara ere dozena batekin bidaltzen dut». Jaten xiringarekin eman behar zaio, ezin baitu ezer solidorik jan. «Dena txikituta ematen diot. Oilaskoa jaten ari naizela ikusten badu, eskatu egiten dit. Zati txiki-txikiak ematen dizkiot». Asteburuak Oiartzunen igarotzen ditu haurrak, Aranbarrik atseden hartzeko.
Gurasoengana itzuliko da orain. «Garbi geneukan hasieratik nola izango zen, baina orain aireportuko agurrari beldur diot». Beti esan izan du umeak gurasoekin egon behar duela. Hara iritsita, «kiloak galduko dituela» aurreikusten dute. Elkarteko koordinatzaile bat egongo da Ginean, eta egoerak txarrera egiten baldin badu, berriro Zestoara ekarriko dute». «Egoera oso gogorra da. Elkartetik esaten zuten bezala, orain ume hau hemen gelditzen baldin bada, gero nora joan behar du? Zer egin behar du ume honek? Gogorra da».
Hitz ederrak baino ez ditu esaten Joseba Azpeitiaz hitz egitean. Hark eman zion Gizakien Lurraren berri. «Elkartea Gasteizen zegoela esan zidan, pentsatzeko, eta nahi baldin banuen berak eramango ninduela». Azkenean joatea erabaki, eta biak izan ziren. «Dena azaldu zidaten, eta gustatu egin zitzaidan». «Ez diot inoiz
ordainduko eman didan laguntza guztia, beti laguntzeko prest
egon da». Zestoari ere eskerrak eman dizkio, eskainitako laguntzagatik: «Herriak asko lagundu dit».