Umearen esperoan da Idoia Larrañaga. Hilaren amaieran da jaiotzekoa, eta berak zein bikoteak etxean izan nahi dute. Argi dute hori. Garestia da, ordea, horretarako guztia prestatzea. Gastuei aurre egin ahal izateko, June diskoa kaleratuko dute. Alabari jarriko dioten izen berekoa. Lagun artean grabatu dute, bizi diren baserriko musika gela txikian. «Dena geuk egindakoa da; baserrian grabatua, eusko labelarekin», dio barrez Larrañagak. Bost euroren truke eskura daiteke lana.
«Gastu handia da etxean erditzea. Lagun batek duela hiru urte inguru horixe egin zuen. Gu bizi garen baserrian musika estudio txiki bat daukagu, eta posible ikusi genuen. Zergatik ez dugu, bada, egingo? esan genuen». Horren ondoren, goiz batean «lagun pila bat» gosaltzeko gelditu zirela gogoratu du. «Nor berak agian ez du posible ikusten horrelako ekimen bat martxan jartzea, baina lagunek egiteko esaten dizutenean, gauzak errazago ikusten dira. Beraz, animatu egin ginen, eta oso gustura gaude».
Diskoa 11 abestik osatzen dute, «Denetariko musika» jaso dute, Larrañagaren arabera. Batzuk beste abesti batzuen bertsioak dira, baina jatorrizkoak ere badaude tartean. «Seaska kantaren bat badago, reagea, rumba, folk estiloko abesti bat, etniko tankerako bat… Gustura entzuteko modukoa delakoan nago». Ekarpenekin osatu dute, gainera.
«Guztia goiz batean hasi zen, grabazio batekin. Gero zabaldu egin genuen. Inguruan musika munduan dabilen jende asko dagoenez, gure asmoaren berri eman genien. Jendea segituan animatu zen, kolaboratu egin nahi zutela esan ziguten askok». Jendearen erantzuna «gozamena» izan dela dio berak. «Bai grabatzerakoan, bai diskoa bera saltzerakoan». Zenbat lagunek parte hartu duten galdetuta, zerrenda luzea bota du. «Gehienak bailarakoak dira, baina urrutikoren bat ere badago tartean. Zestoarrak daude, azpeitiar batzuk, Nafarroan bizi diren lagun batzuk, Oiartzungo bat, Hernaniko lau neska, baita Kaliforniako lagun bat ere».
Guztira 300 kopia atera dituzte, eta «oso ongi» saltzen ari direla gehitu du. Lehenago argitaratu nahi zutela aitortu du Larrañagak. «Baina grabatu genuenetik, Gabonak zirela, elurteak zirela… azkenean atzeratu egin zaigu, eta haurdunaldia aurrera doa. Pasa den astean jasi ginen saltzen, eta zoragarri doa. Saltzaileak ere onak dauzkagu inguruan [kar kar]».
Lagunen bitartez ari dira saltzen. «Lagunei eman dizkiegu aleak, eta haiek zuzenean ari dira saltzen. Leku jakin batzuetan ere utzi ditugu, baina ezin da izan toki batean egonean dagoen zerbait, azkar saldu nahi dugu», azaldu du, presaz.
Diskoaren izenari dagokionez, ez zen azkar hartutako erabakia izan. «Guraso bezala, kosta egin zitzaigun diskoari izena jartzea. Azala bakarrik falta zitzaion. Lagunek esaten ziguten: Jone jarri beharko diozue. Bikoteari eta bioi kosta egin zitzaigun, baina azkenean konbentzitu egin gintuzten. Alabarentzat da, azken finean, eta hazten denean erakutsiko diogu bera jaio aurretik izan zuen oparia. Gustatuko zaiola uste dut».
Umea etxean
Haurra non jaio erabakitzea, bakoitzaren aukera dela garbi dauka Larrañagak. «Errespetagarria iruditzen zait, pertsona bakoitzak momentu berezi hori lasai eta seguru sentitzen den espazioan bizi nahi izatea. Bi lagunen erditzea ikusteko aukera izan dut, luxua, eta zerikusi handia izan du. Bizipen horiekin, argi neukan haurra etxean izan nahi nuela».
Hardunaldiarekin lotzen den zenbait ideia kritikatu ditu. «Haurdun zaudelako, gaixo zaudela dirudi askotan; minarekin lotzen da askotan. Botikak hartuta erditu behar dela pentsatzen da askotan». Gainera, arazoak izanez gero, etxean erdi izanda ere, laguntza izan dezakezu. Horrez gain, jendeak «ausarta» dela esaten diola gogoratu du. «Baina haurdun gelditzen zaren momentutik izan behar duzu ausarta», uste du Larrañagak. «Berdin dio non, baina umea egin behar duzu, eta ausarta izan beharra daukazu, ezinbestean».
Arriskuak ere jende askok aipatzen dizkio. «Herrialde askotan erditze erdiak etxean egiten dira», azaldu du. «Etxeko zein ospitaleko emaginekin oso harreman ona izaten dute herrialde horietan, eta heriotza tasa oso baxuak dituzte, baxuenetakoak. Oso emaitza onarekin erdi dira emakumeak; zesarea, esku-hartze edo botika behar gutxiagorekin». «Norberak bere buruarengan sinetsi behar du. Momenturen batean laguntza behar izanez gero, geure buruan behintzat sines dezagun». Hausnarketa hori plazaratu nahi dute.
‘June’
parte-hartzaileak
Eneko Larrañaga
Ruben Larrañaga
Aintzane Fdez. de Arroiabe
Hanni Insausti
Haizea Arregi
Axpi
Ziku Armendariz
Asier Gurrutxaga
Olatz Prat
Txas
Edorta Amurua
Annie Galden
Eneritz Otegi
Harkaitz Martinez
Mikel Ugarte
Iban Nikolai
Mireia Orbegozo
Nerea Mendizabal
Womi
Haritz Amezua
Imanol
