Urtarrilaren 22an, Zestoako Iraeta auzoko Santa Ines jaietan, Iraetako III. Errota Harria Txapelketako jokatuko da. Igandean itxi zuten izena emateko epea, etai noiz baino harri-jasotzaile gehiagok eman du izena aurten. Hamar lagun ariko dira, zehazki, nor baino nor.
Iraetako Errota Harria Txapelketa bi urtean behin jokatzen da, Iraetako Auzo Elkarteak antolatuta. Auzo elkarteko kideak aurten txapelketak izango duen partaidetzarekin «oso gustura» daude, «harri-jasotzaile onenetakoek eman dutelako izena». Ondorengo hauek lehiatuko dira, hain zuzen: Aimar Irigoien (Errezil), Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.-a (Aia), Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.-a (Aia), Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Jagoba Otaegi (Aizarna, Zestoa), Beñat Telleria (Urnieta), Jesus Mari Urrutia Belioso, Iban Ugartemendia (Hernialde), Unai Lertxundi (Aia) eta Bernardo Ureta Urpe (Arantzazu, Bizkaia).
Txapelketaren bi txandak
Hilaren 22an jokatuko da, 17:30ean hasita, Iraetan bertan. Altxatu beharreko harria 108 kilo inguruko bola da. Txapelketa bi txandatan jokatuko da. Aurrena, harri-jasotzaile bakoitzak altxaldiak egiteko bost minutu izango ditu. Ondoren, altxaldi gehien egin dituzten lau lehiakideek beste bost minutuko txanda bat jokatuko dute. Azkenean txapelketa bi txandetan altxaldi gehien egiten dituen harri-jasotzaileak irabaziko du. Sari ederrak jarri dituzte Iraeta Auzo Elkartekoek. Txapeldunak, esaterako, 800 euroko saria jasoko du.
Aurten hirugarrena
Iraetako Errota Harria Txapelketa bi urtean behin jokatzen da,
eta aurten hirugarren aldia izango du. Txapelketaren aurrenengo urtean antolatzaileek gonbidatuta lau harri-jasotzailek hartu zuten parte lehian, eta Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.-ak irabazi zuen. Bigarren aldian, berriz, zortzi harri-jasotzaile aritu ziren Iraetako bolarekin lehian. Orduan ere antolatzaileek gonbidatuta hartu zuten parte harri-jasotzaileek. Oraingo honetan, berriz, izena emateko epea ireki dute, eta inoiz baino parte-hartzaile gehiago izango ditu harri-jasotze txapelketak.
Marka:
79
Altxaldiak. Iraetako Errota Harria Txapelketako errekorra Aimar Irigoien errezildar harri-jasotzaileak du. Duela bi urte lortu zuen. 108 kilo inguru dituen bola 79 aldiz altxatu zuen Irigoienek. Aurten errezildarrak ezarritako marka hausten duenak 200 euroko saria lortuko du.