Goizean, 11:30ak aldera, ezbeharra gertatu da Lasaon, Azpeitia eta Zestoa arteko mugan. Baso lanetan ari zela, traktoreak azpian harrapatuta, I.R.A. 76 urteko baserritarra hil egin da. Azpeitiko lurretan dagoen Zabalia Berri baserrikoa (Munatxo bezala ezagutzen dena) zen hildakoa.
Zestoako aldean
Ezbeharra Zestoako partean gertatu da, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Antza, baserritarra traktorea gidatzen ari zen, eta maldan behera erori eta azpian harrapatu zuen ibilgailuak. Dirudienez, baso lanetan egurretan zebiltzan senideek aurkitu dute traktorearen azpian harrapatuta. Ertzainak, Azpeitiko suhiltzaileak eta anbulantzia joan ziren ezbeharra gertatu
zen tokira, eta gorpua ateratzea lortu dute. Ondoren, Donostiako Auzitegiko Patologia Zentrora eraman dute, autopsia
egiteko.
Traktorea arratsaldean oraindik ezbeharra gertatu zen tokian zegoen, basoan. Istripua Corrugados Lasao enpresaren atzeko aldeko lurretan gertatu zen, Izarraitz mendi lerroan.