Astelehenean hasi ziren Idiakaizko indusketen aurtengo kanpainarekin, eta datorren aste amaiera arte han izango dira. «Aurten aurrekontua murriztu digutenez, bi astean baino ez ditugu egingo
indusketak, beste urteetan hiru astez aritu izan garen arren»,
jakinarazi du Maria Jose Iriartek, indusketen zuzendadari
ordeak.
Aurrenengo aldiz 1998an hasi ziren Bainu Etxearen eta futbol zelaiaren artean lurra harrotu eta sondeoak egiten, Paleolitikotik gelditzen ziren seinaleak aurkitzeko. Bi tokitan egin dituzte sondeo handiak hamabi urtean, eta momentuz bigarrengoarekin ari dira. Gainera, horrekin jarraitzekoasmoa daukatela jakinarazi du zuendari ordeak. Bere esanetan, bi maila daude bertan: Goi Paleolitikoko aztarnak daude batean, eta Behe Paleolitikokoak bestean. «Hain handia den, eta materialak tokiz mugitu gabe bertan jarraitzen duten Behe Paleolitikoko aztarnak aurkitu diren inguru bakarra da hau Euskal Herrian ».
Berezitasun nabarmena dauka, ordea, Idiakaitz inguruko lurrak (eta Euskal Herriko eremu askok, orokorrean), eta hori, azidotasuna da. «Gure kalterako», Iriartek gogorazi duen bezlala. Horren ondorioz, materia organiko guztiak, «ez dira kontserbatzen. Jakina, horren ondorioz, industrialitika baino ez dugu lortzen errekuperatzea, hori baita ongien eusten diona. Baina harrizko zenbait pieza ere nahiko delikatua izaten da, eta kontu handiarekin ibili behar izaten da ateratzerako orduan».
Goi Paleolitikoan industria batik bat suharrian dago oinarrituta. Eta Behe Paleolitikoan erabiltzen dituzten lehengaiak, berriz, anitzagoak dira, Iriarteren esanetan. Inguruaren berezitasunengatik, jatorri bolkanikoa daukaten piezak ere aurkitu daitezke, gainera. «Bolkanitak edota landutako laba zatiak ere aurkitu ditugu». Euskal Herrian berez ez dago sumendirik, baina laba aktibitate handiena dagoen ingurua Urola bailara da. «Azpeitia eta Zestoa inguruan aurkitu dira. Beraz, laba zatiak erabiltzen zituzten tresnak egiteko».
Hau du nabarmentzekoa Idiakaitzek: «Kanpoan edo aire librean dagoen eta oso handia den egonlekua da». «Hona aire librean materiala lantzera etortzen ziren, eta itzuli egiten ziren. Nabarmena da hori. Geroago ere jendea izango zen bertan, baina sedimentazio prozesuek horien aztarnak desagertzea ekarri du». Goi eta Behe Paleolitikoko materiala, ordea, in situ dagoela dio Iriartek. Hau da, materiala ez dago bere tokitik mugituta. Adibidez, ibaiak gainezka egin eta material guztia barreiatu dituenean aztarna asko galtzen dira, baina ez da horrelakorik gertatu. Hori bai, bertako gain aldeko zatia mugituta dago, urteetan lurra landu dutelako. Beraz, ezin da materialik aurkitu gainazalean, azpirago joan beharra dago.
Zatika zulatzen dute lurra, bost zentimetroko geruzak kenduz. Txintxeta batzuk jartzen dituzte geruza bakoitza markatzeko,
eta aurkitzen duten gauza bakoitza non zegoen markatzen dute, horrek pistak ematen diezazkielako. «Suharri zati txiki asko aurkitzen baldin baditugu toki batean, badakigu leku jakin horretan eserita lantzen zutela material hori. Horregatik da garantzisua gauza bakoitza nondik atera den jakitea; hori egingo bagenu material bikainak izango genituzte, bai, baina informazio askoz gutxiago».
Bertako zein kanpoko jendea
Doktoretza tesiak egiten ari den jendea dabil lanean, baita amaituta daukan bat ere, «toki erakargarria baita lanerako». Baina asko ikasleak izaten direla dio zuzendariordeak. Euskal Herritarrak badiren arren, Espainiatik etorritako asko dago bertan lanean, besteak beste, Salamancako unibertsitatetik eta Madrildik jende asko etorri da. Portugaldik etorri den bat ere bada tartean.