Bihar kultur eskaintza zabala izangoda Zestoan. Arratsaldean Hortzmuga antzerki taldeak Libertia emanaldia eskainiko du Axun Arrazola plazan. Eta gaualdera, Musike Tekne Donostiako Orkestra Sinfonikoaren Hari Laukotearen musika izango da Pio Barojan, musika klasikoa eta herrikoia nahastuko dituen emanaldi bizia.

Bihar, 18:00etan hasita, Hortzmuga antzerki taldeak Libertia emanaldia eskainiko du, Axun Arrazola plazan, Zestoako kultur etxearen atarian. Fantasiazko abentura da Libertia. Kale antzerki ikuskizunak txotxongiloak, panpin handiak, aktoreen lana eta umorea nahasten ditu, eta 5-6 urtetik gorakoentzako da.
Txotxongiloak libre izan daitezkeen mundua da Libertia. Kartoi, plastiko, telebista, armairu eta hainbat hondakinen artean utzitako liburu batean idatzita dagoen profezia beteko dute Dori, Arthur eta Ottok. Mundu osoko txokoetatik etorritako txotxongiloen laguntza izango dute abentura horretan aurkeztuko zaizkien erronka eta arriskuak gainditzeko. Libertia metafora bat da, ordea; haurrak autonomoagoak eta independenteagoak izaten hasten diren unearen eta une hori bizitzeko moduaren inguruko metafora. Beste baloreen artean, askatasuna, laguntasuna, beldurrak gainditzea edo hautatzeko gaitasuna landuko ditu antzezlanak, askatasuna txikienen ikuspuntutik azalduz. Libertia, hitz batean, «garena izatera heltzeko denok egiten dugun bidea» bezala definituko du Hortzmugaren antzezlanak.
Aestoako Kultura Sailak antolatu du emanaldia.
Klasikoak eta herrikoiak
Antzerkiaren ostean musikaz gozatzeko aukera izango dute zestoarrek. 20:15etik aurrera, Pio Baroja plazan Musike Tekne Donostiako Orkestra Sinfonikoaren Hari Laukoteak Musika klasikotik herri musikara emanaldia eskainiko du.
Izaskun Etxebeste (biolina), Tomas Ruti (biolina), Maider Lopez (biola) eta Mikel Zunzundegi (txeloa) dira taldekideak, eta Euskadiko Gazte Orkestran ezagutu zuten elkar. Partaide guztiak curriculum luze baten jabe dira, eta lehen mailako musika eskoletan egin dituzte ikasketak. Talde
ugaritan ibili dira (Galeuska Trio, Concejo Abierto, Donosti Ensemble, Jonde Espainiako Gazte Orkestra Nazionala), eta emanaldi asko eskaini dituzte horiekin guztiekin.
Zestoako saioan Klasiko herrikoiak, herrikoiak klasikoan errepertorioa eskainiko dute. Bertan, Mozarteen eta Haydnen lan klasikoetatik abiatuta, Shostakovich garaikidearen musiketara pasako dira. Ez dira, ordea, hor geratuko: Beatlesen eta Metallicaren musikak ere izango du tartea Pio Baroja plazatxoan, baita tangoak ere.
Kutxak sustatu eta finantzatu du emanaldia.