Datorren larunbatean izango da Zestoako Elkartasun Eguna. Egun osoko egitaraua prestatu dute herriko presoei babesa emateko xedearekin.
Pello Igarataundi da egun hori prestatzen aritu denetako bat. Elkartasuna adierazteko bestelako formato bat eskaintzea nahi dutela azaldu du. «Guk garratzia ematen diogu hileko azken ostiraletan egiten den enkarteladari. Baina jende asko badago presoei elkartasuna adierazteko prest egon arren formatu egokirik aurkitzen ez duena. Egun horretan, festa eta kirol giroa izaten da, zerbait ezberdina».
Aurten garrantzi berezia eman nahi diote plazan jarriko diren lau bizikleta estatikoei. Horren helburua, jendea bizikletara igo eta mila kilometro egitea da. «Apustu moduan jarri dugu mila kilometro egitea. Presoen kartzeletako bisitetan astero milaka kilometro egiten direla irudikatzeko». 10:00etan hasi, eta etenik gabe, 21:00ak arte arituko dira pedalei eragiten gerturatzen diren herritarrak. «Kuadrila eta jende oso ezberdinengana joan gara bertan parte hartzeko deia egitera». Bertan parte hartzen duen bakoitzak elkartasun mezu bat idatziko dio presoei. Gero, mezu guztiekin eta bizikletako argazkiekin, egun batean erakusketa bat egiteko asmoa daukatela jakinarazi du Igarataundik.

Txistularien kalejirarekin hasiko da eguna 10:00etan. Geroxeago, 11:00etatik 13:00etara bitartean, haurrentzako txokoa egongo da, herriko gazteek antolatuta. 13:00etan, berriz, urtero egiten den moduan, lasterketa saioa egongo da sastarrain baserri eskolatik Zestoako plazaraino. 14:30erako herri bazkaria dago prestatuta. Zestoako elkarte guztien artean antolatzen dute. Udaletxe azpian sukaldea jarri eta hantxe prestatuko dute. 17:30ean, frontoi zaharrean herri mailako pelota partidak jokatuko dira. Egitarauari kalejira batekin emango zaio amaiera 19:30ean.
Herriko presoez galdetuta, anaiaren kasua aipatzen du lehendabizi Igarataundik, «bizi arteko zigorra» ezarri diotela gogoratuta. Izan ere, Juan Mari Igarataundik 24 urte daramatza preso. Duela bi urte amaitu zitzaion kondena, baina Parot doktrina ezarri ziotenez, 30 urtera arte luzatu zioten. Julen Eizagirre eta Marian Aramendi 2004tik daude preso. Antton, Cabo Berden dago errefuxiatuta, eta Kontxi errefuxiatuta dago.
Zestoan presoekiko elkartasuna antzematen dela uste du Igarataundik. «Mus txapelketak, zozketak, santa eskeak… Ekintza asko izaten dira presoen eskubideak aldarrikatzeko». Horrez gain, bisitetara jende asko joaten dela ere badio. «Bisitetan ere jende asko aritzen da. Herriko 200 bat lagun pasa dela bisitetan kalkulatzen dut nik. Gainera gazteak dira asko, presoa kartzelan bakarrik ezagutu duen jendea».