Sagardozalez, baina, batez ere lagunez inguratuta aurkeztu zuten herenegun Ekain sagardoa, Zestoako sagardo ekologikoa. Ibañarrietako Iruretxiki baserrian, Aitor Eizmendi ekoizlearen etxean izan zen aurkezpen ekitaldia, eta bertan izan ziren, besteak beste, Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze bertsolariak eta Eñaut Elorrieta abeslaria; Jon Maia izan zen zeremonia-maisua. Arzallusek eta Mendiluzek bertso bana bota zuten, eta bertara hurbildutako guztiek sagardoz bustitako afari-merienda ederraz gozatu ahal izan zuten.

«Urte askotako historiaren fruitua da hau —zioen Maiak, «duela hogei urte Rufino eta Pastori —Aitorren gurasoak— sagarrak biltzen hasi ziren Iruretxiki-ra etorri zirenean, eta gaur, bere izena duen sagardoa daukagu».
«Ez da marka handi bat, baina mimo handiz, auzolanean eta jende askoren artean egindako lana da», zioen Maiak. «Duela bost edo sei urte lehen kupela erosi nuenetik, ez diot inoiz inori ordaindu beharrik izan, hemen izan dira beti lagunak laguntzeko», aitortu zuen Eizmendik berak.
Urtez urte, eskuz esku eta lagunez lagun gauzatu den ametsa. «Txingurri lana da amets hori lortzea, ez da bat-batean txanpinoiak agertzen diren bezala agertzen hau dena», zioen Maiak. «Harriz harri eta tantaz tanta egindakoa da». Gogoz eta maitasunez, «erokeria zirudiena egia bihurtu da. Botila bakoitza mundutxo bat da, denak desberdinak».
Pixkanaka handitzen joana
Iruretxiki-n duela 20 urte hasi ziren sagarrondoak landatzen. Leku egokia izanik, Ibañarrieta inguruan sagastiak beti izan dira. Eizmenditarrek 4,5 hektareako sagastia dute gaur egun, eta bertan 1.600 sagarrondo baino gehiago. Ekain sagardoa egiteko 30 sagar mota inguru erabiltzen dituzte.
Lehen urtean sagarra sagardogile handiei saltzen hasi ziren. Duela 6 urte, 1.000 litroko kupel txiki bat erosi, eta etxerako sagardoa egiten hasi zen Aitor; «lehen esperimentuak egiten».
Hasieratik garbi izan zuen, ordea, «ekoizpenean hasiz gero serio hasiko» zela. Horregatik, informazioa biltzen eta besteengandik ikasten hasi zen. Sagardo ekologikoa egiteko eta komertzializatu ahal izateko arauak ezagutu, proiektua egin, kontuak atera eta ausartu egin zen, azkenean.
Etxerako kupelarekin hasi zena, ekoizpen dexentea izatera pasa da; aurten 33.000 litro sagardo atera dituzte, 40.000 kilo sagarretik.
Etxeko sagar ekologikoa
Eizmendik garbi izan zuen hasieratik «ingurunearekiko errespetuz jokatu behar» zutela, «naturaren baliabideak ahalik eta egokien erabilita kalitatezko produktuak ekoizteko». Sagardo ekologikoa ekoizteko, arau zehatzak jarraitu behar dituzte, ordea: «Ezin dugu ongarri kimikorik edo pestizidarik erabili, ezta gehigarririk ere». Horregatik, urtero kontrolak pasa behar izaten ditu.
Hurrengo pausoa, Ekain sagardoa dendatara eta tabernatara zabaltzea izango da. «Orain hasiko gara, produktua eskuan dugula».