«Informaziorik ez badaukazu, ez dakizu nondik hasi galdetzen»

Zestoako Hitza 2011ko uztailaren 6a

Nerea Mendizabal (Zestoa, 1976), pedagoagoa da, heziketan egiten du lan; irakasle, ikasle eta gurasoei ikastaroak eskaintzen dizkie, komunikazio eta haur masajeen inguruan. Guraso eskolekin ere lan egiten du eta hitzaldiak ematen ditu, haurdunalditik haurtzaroa bitarteko heziketa zabaltzeko asmoz. Gaur, 20:00etan Jaiotza jaiotzen hitzaldia eskainiko du kultur etxean. Jaiotzaz ez dela naturaltasunez hitz egiten nabarmendu duzu. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori? Zergatia ez daukat oso argi. Uste dut badirela belaunaldietan ezkutuan eraman izan diren gauzak. Lehen ere, haurrak etxean jaiotzen zirenean, etxeko beste haurrei ez zitzaien erditzeak ikusten uzten; haurrak gela hartatik bidali egiten ziren. Zerbait traumatikoa balitz bezala ikusten zen. Sexualitateak ere parte baduela iruditzen zait; gure parte intimoetaz hitz egitea kosta egiten da oraindik. Oso liberalak garela iruditzen zaigu, gure gurasoengandik gugana aldea dagoelako, baina ez dugu aske hitz egiten, beldurrak ditugu. Haurrekin ez ezik, helduen artean ere ez da lasai hitz egiten. Gazteak ere ez dira ausartzen euren artean jaiotzaz edo erditzeaz hitz egiten. Haurrari begiratzen zaio, baina ez zaio amari galdetzen zer moduz dagoen, puntuak zer moduz dituen edo harremanetarako eragingo al dion. Jarrera hori aldatu behar dela argi duzu, orduan. Zertan lagunduko luke? Haurrak edukitzeko momentuan ez daudenak ere haurrez inguratuta daude, familian edo lagunartean. [...]

Nerea Mendizabal (Zestoa, 1976), pedagoagoa da, heziketan egiten du lan; irakasle, ikasle eta gurasoei ikastaroak eskaintzen dizkie, komunikazio eta haur masajeen inguruan. Guraso eskolekin ere lan egiten du eta hitzaldiak ematen ditu, haurdunalditik haurtzaroa bitarteko heziketa zabaltzeko asmoz. Gaur, 20:00etan Jaiotza jaiotzen hitzaldia eskainiko du kultur etxean.
Jaiotzaz ez dela naturaltasunez hitz egiten nabarmendu duzu. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?
Zergatia ez daukat oso argi. Uste dut badirela belaunaldietan ezkutuan eraman izan diren gauzak. Lehen ere, haurrak etxean jaiotzen zirenean, etxeko beste haurrei ez zitzaien erditzeak ikusten uzten; haurrak gela hartatik bidali egiten ziren. Zerbait traumatikoa balitz bezala ikusten zen. Sexualitateak ere parte baduela iruditzen zait; gure parte intimoetaz hitz egitea kosta egiten da oraindik. Oso liberalak garela iruditzen zaigu, gure gurasoengandik gugana aldea dagoelako, baina ez dugu aske hitz egiten, beldurrak ditugu. Haurrekin ez ezik, helduen artean ere ez da lasai hitz egiten. Gazteak ere ez dira ausartzen euren artean jaiotzaz edo erditzeaz hitz egiten. Haurrari begiratzen zaio, baina ez zaio amari galdetzen zer moduz dagoen, puntuak zer moduz dituen edo harremanetarako eragingo al dion.
Jarrera hori aldatu behar dela argi duzu, orduan. Zertan lagunduko luke?
Haurrak edukitzeko momentuan ez daudenak ere haurrez inguratuta daude, familian edo lagunartean. Horretaz hitz egiteak elkarrengandik gertuago egoten lagunduko luke. Rugby partida bat ikustera joan nintzen behin, eta ezer ulertzen ez nuenez, ezin nuen inorekin horretaz hitz egin. Honekin berdin gertatzen da. Erditzea nolakoa den ez badakizu, ez badaukazu informaziorik, ez dakizu nondik hasi galdetzen; nola joan den erditzea, jaio ondoren haurra gainean jarri al zioten ala ez galdetzeko, eta abar. Azken finean, horren inguruko heziketa garatzeko balio du jarrera aldaketak; batez ere, gehienok guraso izaten amaitzen dugulako. Jaiotzea eta hiltzea gure izatearekin doazen bi fase dira, eta horri begiratu nahi ez izateak ematen du zer pentsatua. Haurdunaldiko azken hilabetean dena gainera etortzen zaigu; zalantzak etortzen dira, edo gehiago prestatu ez izanaren kezka etortzen da.
Zer egin daiteke zalantza horiek gainditzeko?
Jaiotzek zein eboluzio izan duten ikusi behar da. Azken urteetan asko medikalizatu dira erditzeak, eta horrek gauza onak ekarri ditu; haurren eta amen heriotza tasa jaistea, adibidez. Baina, era berean, dena medikuen esku uzten da, eta horrek arrisku asko ekarri ditu, eta normal joango liratekeen erditzeak ere erditze instrumentaletan edo zesareatan amaitzea ekartzen du sarri. Prozesu naturala jarraituz erditzea nolakoa den ezagutzea da garrantzitsua, eta zerbait gertatuz gero medikuak hor daudela jakitea. Ezagutza beharrezkoa da, bizitzako momentu berezienak nola bizi nahi ditudan erabaki ahal izateko.
Badirudi lehen haurdunaldiak eta erditzeak buruhauste gutxiagorekin gertatzen zirela, ez zitzaien gaur egun ematen zaien garrantzia ematen.
Lehen, erditzera joan, haurra atera, eta lehengora itzultzen ziren. Baina besteen esku gelditzen zen bizitzako momentu garrantzitsu hori. Besteen eskutan uzteak, esan bezala, arriskuak dakartza, ordea, eta kate bat sortzen du. Azkartzeko oxitozina jartzen dute. Gero, mina jasanezina denez, epidurala. Epiduralak lokartu egiten du gorputza, ordea, eta gelditu egiten da. Haurrak ezin du indarrik egin, eta zuk ere ez; beraz, hortik erditze instrumentalak etortzen dira. Norberak erabakiak ez hartzeak kate kaltegarri bat ekar dezake, nahiz eta ez duen esan nahi erditze traumatikoa izango denik. Espainiako Estatuan urtean beharrezko ez diren 36.000 zesarea egiten direla kalkulatu dute.
Gizonezkoen paperean nabari da aldaketarik?
Aita ere protagonista da, bai haurdunaldian, bai erditzean. Aldatu egin da, baina oraindik asko dago egiteko. Haurdun dagoena ama dela dirudi, baina aita ere haur baten esperoan dago. Galdera guztiak amarentzat dira; medikuak amari galdetzen dio, eta prestakuntza ere amak egiten du gehienetan. Aitak ere badu, ordea, prestatu beharra; bere papera aldarrikatu eta bizitzeko batez ere. Elkarrekin joateko.

Alde batetik, haur baten esperoan dauden bikoteentzako izango da. Eurentzako dela ulertzen dute haiek. Baina energia berezia jarri dugu hitzaldi honetara une hori bizitzen ari ez direnak ere etor daitezen. Neska eta mutil gazteak, heziketa hori zabaltzen joateko, etxean edo eskolan lantzen ez den hori zabaltzen joan daitezen; informazioa jaso eta euren artean gai hauetaz ere hitz egin dezaten. Hori da helburua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide