Zestoako I. Argazki Rallya izango da igande honetan, hilak 19. Katamarrua Natur taldea, Udaleko Ingurumen eta Euskara sailak eta Danbolin Zulo Elkarteak elkarrekin antolatu dute ekimena eta Urola ibaia izango du gaitzat, Urola ibaia, bere edertasun eta aberastasun guztia, baita jasaten dituen kalteak ere.Helburuak dira Urola ibaiaren eta uraren baliabideak ezagutzea, zaindu beharraz jabetzea eta urarekin zerikusia duten toponimoak ezagutzea.
Adin guztietako zestoarrentzako dago irekia lehiaketa, Zestoan jaioak edo bertan erroldatuta dauden guztiei, alegia. Herritarrek egunean bertan izena emateko aukera izango badute ere, antolatzaileek eskatu dute parte hartzeko asmoa dutenek aldez aurretik izena eman dezatela, antolaketa errazteko asmoz. Partehartzea doan izango da eta www.zestoa.net webgunean edo udaletxeko bulegoetan (ostiral arratsaldera bitartean) eman daiteke izena.
Argazkiak egunean bertan
Parte-hartzaileek igandean bertan atera beharko dituzte lehiaketara aurkeztuko dituzten argazkiak. 09:00etan agertu beharko dute udaletxera, bakoitzak bere argazki kamera eta nortasun agiriarekin. Argazki kamerek eta memoria txartelek hutsik egon beharko dute, derrigorrez.
Lehen argazkia antolatzaileek egingo diote parte hartzaileari eta lehiaketara beste sei aurkeztu beharko dituzte. Argazkilari bakoitzari mapa bat emango zaio argazkiak atera dituen tokian markatzen joateko. Bilduma osatuko duten sei argazkiez gain, parte-hartzaile bakoitzak kontroleko hiru argazki atera beharko ditu: bat, Urola ibaia Lasaotik pasatzen den zatian; beste bat Zestoako bainuetxeari eta hirugarrena Urola ibaia Iraetatik pasatzen den zatian. 10:00etan emango da irteera eta 13:30ak arte atera ahal izango dituzte argazkiak. Ondoren 14:30ak bitartean aurkeztu ahal izango dituzte udaletxean argazkiak. Mapa ere entregatu beharko dute bertan, argazkiak ateratako puntuak markatuta daudela. Bakoitzak eraman beharko du txartela deskargazteko beharrezko kablea. Egilearen aurrean deskargatuko dituzte agazkiak ordenagailura eta gaiarekin zerikusirik ez dutena rgazkiak ez dira kontuan hartuko. Argazkiak, gainera, ezingo dira editatu eta aldaketaren bat nabarituko balitz, lehiaketaz kanpo geldituko da parte-hartzailea.
Ahaleginaren ordaina
Antolatzaileek 12 urte bitartekoen argazkirik onena sarituko dute esploratzaile kit batekin.
Argazkirik onenari eta bildumarik onenari Bainuetxean bi lagunentzako zirkuitua, menua eta 200 euro emango dizkiote. Lehiaketako argazkiekin erakusketa ipiniko dute gainera eta herritarrek argazki gustukoena bozkatu ahal izango dute, herritarren saria lortzen duenak Bainuetxean bi lagunentzako zirkuitoa eta menua irabaziko du.
Uztailaren 1ean jakinaraziko dira irabazleen izenak, Udaleko webgunean argitaratuko dira.