Ertxiña: musika, ilusioa, lana

Zestoako Hitza 2011ko ekainaren 1a

Mende laurdeneko historia du dagoeneko Zestoako Ertxina Musika Eskolak. 25 urte darama herriko haurrei musika ikasteko aukera eskaintzen, musika zaletasuna bultzatzen, eta herria biziberritzen. Zilarrezko ezteiak ospatzeko emanaldiak antolatu dituzte ordezkariek asteburu honetarako. Bihar entzunaldia eskainiko dute kultur etxean, 18:30etik aurrera. Larunbatean izango da, ordea, urtemugako ekitaldi nagusia. 10:00etan kalejira egingo dute txistulariekin eta trikitilariekin. 13:00etan ikasle ohien kontzertua izango da udaletxeko arkupeetan; trikitixa, txistulariak, perkusioa eta konboak entzun ahal izango dira bertan. Arratsaldean izango da kontrertu nagusia. Musika hizkuntzako ikasleek, Itxaropena dantza taldeak eta Zestoako Udal Musika Bandak hartuko dute parte. Gauean, berriz, 21:30ean, herri afaria izango da udaletxe azpian. Beharra eta nahia Musika Eskola duela 25 urte sortu zen, baina Zestoan ez zen musikarako zaletasuna orduan jaio. Etxetan biltzen ziren musikazaleak eta seme-alabak elkarrekin musika ikasi eta jotzeko. 1986an eman zuten Musika Eskola osatzeko lehen pausoa, herri batzarra. Aukera gehiago eskainiko zituen bilgune bat nahi zuten herritarrek, eta bilgune hori sortzeko lanetan hasi ziren Juan Antonio Kortadi eta Miren Jaio. Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta irakasleren bila hasi ziren. Fernando Arzalluzek egin zuen Udalaren eta Musika Eskolaren arteko zubilana. «Bakoitza bere aldetik ibili beharrean, denak elkarrekin eskola berean jardutea nahi zuten gurasoek. Udalean batzar bat egitea planteatu genuen, [...]

Mende laurdeneko historia du dagoeneko Zestoako Ertxina Musika Eskolak. 25 urte darama herriko haurrei musika ikasteko aukera eskaintzen, musika zaletasuna bultzatzen, eta herria biziberritzen. Zilarrezko ezteiak ospatzeko emanaldiak antolatu dituzte ordezkariek asteburu honetarako.
Bihar entzunaldia eskainiko dute kultur etxean, 18:30etik aurrera. Larunbatean izango da, ordea, urtemugako ekitaldi nagusia. 10:00etan kalejira egingo dute txistulariekin eta trikitilariekin. 13:00etan ikasle ohien kontzertua izango da udaletxeko arkupeetan; trikitixa, txistulariak, perkusioa eta konboak entzun ahal izango dira bertan. Arratsaldean izango da kontrertu nagusia. Musika hizkuntzako ikasleek, Itxaropena dantza taldeak eta Zestoako Udal Musika Bandak hartuko dute parte. Gauean, berriz, 21:30ean, herri afaria izango da udaletxe azpian.
Beharra eta nahia
Musika Eskola duela 25 urte sortu zen, baina Zestoan ez zen musikarako zaletasuna orduan jaio. Etxetan biltzen ziren musikazaleak eta seme-alabak elkarrekin musika ikasi eta jotzeko.
1986an eman zuten Musika Eskola osatzeko lehen pausoa, herri batzarra. Aukera gehiago eskainiko zituen bilgune bat nahi zuten herritarrek, eta bilgune hori sortzeko lanetan hasi ziren Juan Antonio Kortadi eta Miren Jaio. Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta irakasleren bila hasi ziren. Fernando Arzalluzek egin zuen Udalaren eta Musika Eskolaren arteko zubilana.
«Bakoitza bere aldetik ibili beharrean, denak elkarrekin eskola berean jardutea nahi zuten gurasoek. Udalean batzar bat egitea planteatu genuen, eta Miren Jaio eta biok hasi ginen Udalak utzitako gela batean lanean», dio Kortadik. Herriak zuen kezka eta nahi bati erantzuteko jaio zen eskola, beraz.
Hastapenetan, 20-30 haurrek osatzen zuten taldea. Gabezia materiala gogoarekin bete zuten. Txistu eta gitarra banarekin irakasten zieten solfeoa umeei. Hazia ereinda zegoen, eta handik aurrera erronka berriei aurre egin behar izan zieten musika eskolako arduradunek. Besteak beste, Udal Musika Banda indartzeko ere balio izan zuen Ertxiña Musika Eskolak.
Eguneroko lana egin ahala, proiektuaren sustatzaileak ere ikasten joan ziren, eta iragarki baten bidez deialdi zabala egitea erabaki zuten. Hamabost lagun inguruk erantzun zioten deialdiari; tartean, Juan Karlos Irizarrek eta Maria Jesus Etxeberriak. Eskolari ofizialtasuna eman nahi zioten, eta egin beharreko prozedura administratiboa abian jarri zuten guztien artean. «Gauza serioagoa bihurtu zen orduan, eta pixkanaka-pixkanaka proiektua hazten joan zen», adierazi du Juan Antonio Kortadik.
Irakasle tituludunaz gain, musika tresnen eskaintza zabaldu zuen eskolak. Eta, azkenik, ofizialtasuna iritsi zen. Gela berriak ere lortu zituzten, eta Ertxiñak kultur etxean jarri zuen egoitza. Ordutik aurrera, herriko haurrek Zestoan bertan musika ikasteko aukera izan dute. Eta emaitzak ikusgarriak izan dira. Egun, Udal Musika Banda indartsua du herriak. «Gaur egun denetarik daukagu herrian: soinu-jotzaileak, piano-jotzaileak eta abar», dio Kortadik. «Hasierakoa borroka handia izan zen, baina 25 urte eta gero hemen gaude»,esan du.

Ertxiñak bere ibilbidea jasotzen duen DVDa osatu du, eta salgai jarriko du datorren larunbatean. 1986tik ateratako argazkiak bildu dituzte ikus-entzunezkoan, musikarekin lagunduta. Datorren astetik aurrear bost eurotan erosi ahal izango da DVDa, Musika Eskolan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide