Plaza Gorrian Bat Egin eguna ospatu zuen atzo arratsaldean EH Bilduk. Eskualdeko alkateekin solasaldia egin zuten hitzorduari hasiera emateko, eta hura amaitzean, parrilladaz gozatzeko tartea izan zuten. Hori hala, bertan parte hartu zuten Anuska Esnal Orioko alkateak, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak; moderatzaile lanetan, berriz, Zarauzko EH Bilduko zinegotzi Garazi Olaizola aritu zen.
60 lagunetik gora bildu ziren hasiera batean Plaza Gorrian alkateen azalpenak entzuteko, baina tertulia aurrera zihoan moduan, herritar gehiago elkartzen joan zen ekitaldia jarraitzeko. Alkateez eta herritarrez gain, herri bakoitzeko hainbat alderdikide ere bertaratu ziren saiora.
Solasaldian lau herriei eragiten dieten gaiak jorratu zituzten, eta alkate bakoitzak bere esperientzia kontatzeko aukera izan zuen. Besteak beste, legealdiaz, etxebizitzaren arazoaz eta turismoaz hitz egin zuten.