Guggenheim museora irteera antolatu du Zarauzko Emakumeen Etxeak

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 6a

Bilboko Guggenheim museoa. (Utzitakoa)

Zarauzko Emakumeen Etxeak arte irteera bat antolatu du Bilboko Guggenheim museora. Irteera ekainaren 13an izango da, eta bisita Maria Jose Aranzasti arte-historialariak eta erakusketa-komisarioak gidatuko du.

Bilboko Guggenheim museoa bisitatzeko aukera egongo da ekainaren 13an, larunbatean, Zarauzko Emakume Etxeak antolatu duen irteerari esker. Bertan, arte garaikideaz gozatzeko aukera egongo da, Maria Jose Aranzasti arte-historialari eta erakusketa-komisarioren eskutik. Aranzastik bisitariei Ruth Asawa (atzera begirakoa) eta Igshaan Adams (hautsa altxatzen: gorputzaren artxiboa) museoko aldi baterako bi laginen azalpenak emango dizkie.

Irteera 08:45ean izango da, Zarauzko autobus geltokian. Itzulera, berriz, 14:00etan izango da. Interesdunek https://forms.gle/zrdBokkUFqoRDDLYA galdetegia osatuz eman beharko dute izena. Garraioa eta museorako sarrera bisitari bakoitzaren kontura izango da, eta sarreren prezioa 9 eta 18 euro bitartekoa da. Autobuseko lekua ziurtatzeko helburuarekin, antolatzaileek autobus-txartela aldez aurretik erostea gomendatzen dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide