Ulacia ZKEk ez du Bigarren FEB mailara igotzea lortu

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 1a

Ulacia ZKE taldea zaletuekin larunbateko partidaren ostean. (Ulacia ZKE)

Zarauzko saskibaloi taldeak Badajozen (Espainia) jokatu du igoera fasea asteburuan. Beñat Jauregiren mutilek hiru partida jokatu dituzte, eta ezin izan dute garaipenik lortu.

Ulacia ZKE saskibaloi taldeak ezin izan du ametsetako denboraldia biribildu. Badajozen (Espainia) jokatu dute ostegunetik larunbatera bitartean Bigarren FEB mailara igotzeko fasea, baina ezin izan dute helburua lortu. Lehen aldiz jokatu dute igoera fase hau, eta ilusioz gainezka iritsi baziren ere, hori ez da nahikoa izan C.B. Prat, C.B. Puerto eta Uros de Rivas mendean hartzeko.

Ostegunean jokatu zuten igoera faseko lehen partida, C.B. Prat talde kataluniarraren aurka. Kategoriako talde onenetako bat izan zuten parean eta zarauztarrek atsedenaldira arte eutsi bazuten ere, ezin izan zuten garaipena eskuratu (71-52).

Bigarren partida ostiralean jokatu zuten, Valentziako C.B. Puerto taldearen aurka. Garaipena behar zuten zarauztarrek igoerarekin amesten jarraitu ahal izateko. 40 minutu parekaturen ostean, bi punturen aldearekin galdu zuen Ulacia ZKEk (58-60), eta igoera eskuratzeko aukerarik gabe geratu zen.

Larunbatean jokatu zuten igoera faseko hirugarren eta azken partida, Madrilgo Uros de Rivasen aurka. Bi taldeak igoera lortzeko aukerarik gabe iritsi ziren hirugarren jardunaldira eta, azkenean, madrildarrek lortu zuten garaipena (70-59). Honela, zarauztarrek amaiera eman diote denboraldi historiko bati, lehen aldiz jokatu baitute Bigarren FEB mailara igotzeko fasea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide