Jakes Iruretagoienak Rural Kutxa aizkora txapelketa irabazi du

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 1a

Jakes Iruretagoiena Izeta V.ak eta Oier Mitxelenak "Izar Berriak" kategoriako Rural Kutxa binakako aizkora txapelketa irabazi zuten atzo, Astigarragan. Lau bikote aritu ziren lehian, eta zarauztarra eta altsasuarra nagusitu ziren, 17 minutu eta 34 segundoko denborarekin.

Astigarragan jokatu ziren atzo Rural Kutxa binakako aizkora txapelketako finalak. Gizonezkoen kategorian Jakes Iruretagoiena Izeta V.a zarauztarra eta Oier Mitxelena altsasuarra gailendu ziren, 17 minutu eta 34 segundoko marka lortuta. Haien atzetik geratu ziren Igoin Pikabea eta Mikel Santesteban (17:57), Unai Etxeberria Osiñalde eta Unai Romairone (18:14) eta Jon Zaldua eta Joanes Izagirre Ipiña (18:35). Zutika, kolpeka eta lan luzean aritu ziren lau bikoteak, eta Izeta V.a eta Mitxelena izan ziren azkarrenak.

Emakumezkoen kategorian, berriz, Malen Barrenetxea eta Nerea Arruti nagusitu zitzaizkien Uxue Ansorregi eta Maika Ariztegiri. Barrenetxeak eta Arrutik 13 minutu eta 20 segundoan burutu zuten egin beharreko lana eta, Ansorregik eta Ariztegik, berriz, 13 minutu eta 59 segundoan.

Harri jasotzaileek ere eduki zuten beraien tartea jaialdian. Erakustaldia egin zuten, eta bertan aritu zen Maddi Gesalaga zarauztarra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide