Abian da Haimar Zubeldia Klasikoa

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 31

Ia 1.000 txirrindulari abiatu dira Zarauztik, baina proba hasi aurretik, omenaldientzarako tartea ere izan da. Zehazki, Perico Delgado, Roberto Laiseka eta Antonio Ortiz txirrindulariei egin diete aitortza.

Zegozkien omenaldiak eginda eta zinta moztuta, eskualdean barrena abiatu dira Haimar Zubeldia Klasikoan izena eman duten ia 1.000 txirrindulari goizean goiztik. 8:00etan eman diote hasiera zikloturistentzako martxari, ohi bezala, Aritzbatalde kiroldegiaren parean, eta orotara 160 kilometroko ibilbidea egin beharko dute horiek. 

Omenaldiak ere egin dituzte martxa hasi aurretik, eta aurten hiru izan dira txirrindulari omenduak: Perico Delgado espainiarra, besteak beste Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta irabazitakoa; Roberto Laiseka gernikarra; eta Antonio Ortiz espainiarra, mendi bizikletaren aitzindaria. Etxeondo markako sustatzaileei ere aitortza egin diete, mende erdi bete baitu marka horrek. Lehen lerroan kokatu dira horiek guztiak, eta atzean, amaiera ia-ia ikusteko modurik gabe, beste ia mila txirrindulariak, 996, zehatzago esateko. Horietatik 53 izan dira bakarrik emakumeak. 

Zarauztik abiatuta, honako ibilbidea izango du martxak: Zarautz-Zumaia-Arroa Behea-Azpeitia-Bidani-Santutxo-Beizama-Nuarbe-Salbatore-Ormaiztegi-Atagoiti gaina-Legazpi-Azpeitia-Benta berri-Etumeta-Aizarna-Muniosoro bidegurutzea-Zumaia-Zarautz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide