Zer gertatu zitzaion amari? Galdera hori du buruan Ingridek, Chicago nobelako protagonistetako batek. Aitaren heriotzaren ostean, bere ama zenaren, Elisaren, bizitza ikertu nahi du, barruan duen korapiloa askatzeko. Aitziber Etxeberria idazle zarauztarrak Erein argitaletxearekin kaleratu du nobela, eta 2020an argitaratutako Olivetti liburuaren jarraipena da.
Bi istorio tartekatzen ditu nobelak: bata Chicagon gertatzen da, 1975. urtean, eta, bestea, Donostian, 2009an. Idazleak kontatu duen moduan, 1975. urtean Donostiatik Chicagora alde egin zuen Elisak, Ingriden amak. Frankismo garaia zen, eta Elisa "itota" sentitzen zen Gipuzkoako hiriburuan. Etxeberriak zehaztu duenez, ama eta emaztea zen Elisa, baina baita zientzialaria ere, eta garai hartan ez zuen Donostian bere lana nahi bezala gauzatzeko aukerarik izan.
Garbi zuen etorkizun hobeago bat nahi zuela, bai beretzat eta baita bere familiarentzat ere, eta horretarako borrokatuko zuen. Lan eskaintza bat jaso zuen orduan, Chicagon, eta hura onartu eta bertara joatea erabaki zuen. Etxeberriak aitortu duenez, erabakia hartzea "zaila" egin zitzaion Elisari, "familia atzean utzi behar izan baitzuen".
Idazlearen iritziz, istorioa ulertzeko beharrezkoa da garaiko egoera politiko eta soziala gogora ekartzea: "Mundua Gerra Hotzean murgilduta zegoen, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek izugarrizko lehia zuten beraien artean, ea nork gobernatuko zuen mundua, eta lehia teknologikoa zein zientifikoa ikaragarriak ziren. Aldi berean, Estatu Batuetan komunismoaren aurkako izugarrizko jazarpena zegoen, eta Vietnamgo gerra ere amaitu gabe zegoen". Horrez aparte, idazleak azaldu du garai hartan "oso ezberdina" zela zuria ala beltza izan: "Beltzak bigarren mailako biztanleak ziren, eskubideak zapalduta zituzten, lan eskasak zituzten, eta ikasketak egiteko aukera gutxi zituzten".
Hain justu, gizarte horretara iristen da Elisa, mundu berri bat eraikitzeko nahiarekin. Energia nuklearraren laborategi ospetsu batean hasten da lanean, baina azkar ohartuko da ez duela bat egiten enpresa horrek energia kudeatzeko duen moduarekin. Horregatik, talde klandestino batean sartuko da. Kezka eta buruhauste ugari sortuko dizkio egoera horrek, eta behin eta berriz galdetuko dio bere buruari ea egiten ari denak merezi duen.
Donostian, 2009. urtean
Donostian bizi da Ingrid, eta bost urte inguru zituela galdu zuen ama. Betidanik pentsatu izan du ama arrazoi naturalengatik hil zela, eta hortik haratago ez zegoela jakin beharreko beste ezer. 2009. urtean, ordea, aita galduko du Ingridek, eta ohartuko da ez dakiela ezer amaren bizitzaren inguruan, ezta bere heriotzaren inguruan ere. Galdera ugari ditu.
Horregatik, eta bere lagun tatuatzailearen laguntzarekin, amaren bizitza ikertzen hasiko da. Erantzunak behar ditu gazteak, bere barruan duen korapilo hori askatu ahal izateko. Minduta sentitzen da, eta une gogorrak biziko ditu.
Etxeberriak dio intriga nobela bat dela Chicago: "Ikerketa bat da, ama eta alaba baten arteko bilaketa bat". Era berean, erritmo "bizia" du, eta irakurtzeko "erraza" da. Gainera, esan du irakurle guztiei zuzenduta dagoela; hau da, ez dela beharrezkoa aurretik Olivetti liburua irakurri behar izatea bigarren zati hau ulertzeko. "Nobela hau hasi eta amaitu egiten den istorio bat da", dio.
Halaber, emakumeen aldeko aldarrikapen bat ere badela azpimarratu du Etxeberriak. "Emakumeen lana askotan oztopatua izan da, eta garai hartan gehiago. Elisa ezkutuan lan egin zuten emakume horietan oinarrituta dago", azaldu du idazleak.