Neo Instalaciones Deportivas enpresa arduratuko da hondartzako sorospenaz

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 30a

Sorospenetako motoak, Zarauzko hondartzako malekoian. (Guka)

Astelehenean hasiko da Zarauzko hondartza denboraldia, eta irailaren 15era bitartean 23 soroslek zainduko dute bainua. Aurten, toldoak Duke Eneatik aurrera jarriko dituzte, Urban Klima 2050 proiektuko obrak direlako. Era berean, udako TAO sistema indarrean jarriko dute astelehenean.

Zarauzko Udalak astelehenean emango dio hasiera hondartza denboraldiari, eta horrekin batera abian jarriko dituzte uda garaiko hainbat zerbitzu ere. Aurten, Neo Instalaciones Deportivas S.L. enpresak kudeatuko du hondartzako sorospen zerbitzua, eta  irailaren 15era arte iraungo du. Aurten, lehen aldiz, kostaldeko udalerriek hitzarmena adostu dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta, ondorioz, aldundia izan da uda denboraldiko sorospen koordinatu duena eta udalerri bakoitzerako zerbitzua esleitu duena.

Sorospen zerbitzua 11:00etatik 20:00etara eskainiko dute, eta denbora tarte horretan bost bainu gune finkatuko ditu hondartza osoan. Lantaldeari dagokionez, 23 sorosle, hondartzako buru bat, itsas motorretako bi patroi, anbulantzia gidari bat eta erizain bat egongo dira une oro bainularien segurtasuna bermatzen. Era berean, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat lagundutako bainu-zerbitzua eskainiko dute, eta, horretarako, eskuragarri izango ditu aulki anfibio bat eta lur orotako bi aulki. 

Aurreko asteburuan herriko hainbat surflarik eta boluntariok 30 erreskate inguru egin zituzten, eta udalak eskerrak eman dizkie hondartza zaintzeko eginiko lanagatik. “Eskertzekoa da herritar talde batek, bere iniziatibatik hasita eta udalarekin koordinatuz, bainularien segurtasuna bermatzeko egiten duen lana”, adierazi du Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Gainerako zerbitzuak

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuko obrak datorren hilabetean jarriko dituzte martxan –aste honetan kendu dituzte Munoako balaustrada guztiak–, eta, hori dela eta, aurten toldoak Duke Eneatik aurrera jarriko dituzte. Halaber, hareatzako bi gunetan ahalbidetuko dituzte dutxa publikoak: bata, Madoz kalearen parean dauden lokaletan eta bestea, sorospen-zerbitzuaren postu nagusian; Munoa azpikoa ez dute zabalduko aipatu obraengatik. Horiez gain, Borguettoko eremuko komunak eta malekoian dauden bi komun autogarbigarri ere erabilgarri izango dituzte aurten erabiltzaileek. Hondartzako zerbitzuekin batera, malekoiko eta inguruko kaleetako garbiketa indartu egingo dute uda sasoian.

Bestalde, udako TAO sistema ere indarrean jarriko dute astelehenetik aurrera, eta hala, arauturiko aparkaleku gune guztietan ordaindu beharko da, gune urdinetan zein denboraldiko aparkalekuetan -gune berdeetan-, 09:00etatik 20:00etara. Udako TAO denboraldiak irailaren 30era arte iraungo du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide