Ana Belen Juaristi eta Jose Mari Larramendi: "Hitzarmen duinak nahi ditugu, ez dirulaguntzak"

Enara Ariznabarreta 2026ko maiatzaren 29a

Batuz gizarte fundazioak etapa berri bati ekin dio, identitate eta marka berriak aurkeztuta. Izen aldaketatik haratago, fundazioak bizi izan dituen aldaketa estrategikoak eta sozialak landu dituzte, kideekin batera, Ana Belen Juaristi (Zarautz, 1960) erakundeko presidenteak eta Jose Mari Larramendi (Zarautz, 1944) patronatukideak.

Lehen Emaus zineten, orain Batuz. Izenaz gain, zer aldatu da?

ANA BELEN JUARISTI: Beti ari gara aldaketak egiten, egitura sendo bat behar dugulako betebeharrak betezeko. Taldea hobetzen eta egitura sendotzen ari gara, eta lanean jarraitu behar dugu.

JOSE MARI LARRAMENDI: Pertsona berak gara, baina antolakuntza ez da berdina. Azken urteotan hausnarketa sakona egin dugu, 355 kideren parte hartzearekin. Gero eta gehiago jartzen dugu azpimarra prebentzio lanean. Etxerik gabeko pertsonen kasuan, ezin dugu errotik aldaketarik egin etxebizitza eskaintzarik ez badago. Atzo bertan esan ziguten eraiste deklarazioa duen eraikin bateko gela batengatik 380 euro eskatzen zituztela. Hori ezin dugu guk aldatu, baina bai salatu. Beste erronka bat da beste kultura eta ohitura batzuekin iristen diren pertsonak integratzea, pertsona eta langile gisa. Gizarteak baditu beste erronka batzuk, adibidez, ehungintzako hondakinena.; hamabost jantzi erosten ditugu, bost aldiz erabili, eta gero bota egiten ditugu. Hori ez da Emausen arazoa, gizartearena baizik.

Zein dira Batuzen helburu nagusiak?

A.B.J.: Gure lana kale egoeran dauden pertsonak artatzea da. Haiekin ibilbide bat egiten dugu; hiru urtez egon gaitezke pertsona batekin, zer egiteko gai den eta bere bizitzarekin zer egin nahi duen ikusteko. Pertsona horiei aukera bat emateko, ekonomia zirkularra baliatzen dugu.

J.M.L.: Ekonomia zirkularra bitarteko bat da guretzat, ez helburua bera. Ez gara etxegintzara dedikatzen, ekonomia zirkularrera baizik, pertsonak integratzeko tresna delako.

A.B.J.: Dena baztertzeko ohitura daukagu. Gauzei beste bizitza bat emateko aukera badago, eta hor egon nahi dugu.

J.M.L.: Emausko Trapuketarien irudia atzean utzi nahi dugu. Gizarte eta lan integrazioan lan egiten dugun profesionalak gara. Etorkinekin, hizkuntza menperatzen ez dutenekin edota bazterketa egoeran daudenekin lan egiten dugu, haien bizi proiektuak garatzen laguntzeko.

Zer zailtasun aurkitu dituzue bidean?

A.B.J.: Izena eta identitatea aldatu ditugu egiten dugun hobeto adierazteko. Aldi berean, gizarteari erakutsi nahi diogu egiteko asko dagoela oraindik. Eraldaketa soziala guztion artean egin behar dugu, baina guk aitzindari izan nahi dugu. Aldundiekin eta beste hainbat erakunderekin lanean ari gara, baina herritarren inplikazioa ere behar dugu.

J.M.L.: Aldaketak zailak dira, batez ere pertsonen ohiturak aldatzea. Profesionalizazioak esan nahi du datuak modu antolatuan erabiltzea, protokoloekin lan egitea eta ezagutza pertsona bakar baten esku ez geratzea. Horrek formazioa, sentsibilizazioa eta kultura berri bat eskatzen ditu.

Nolakoa da egoera Zarautzen?

A.B.J.: Zarautzen oso proiektu interesgarria dugu. Bazterketa egoeran dauden pertsonak etxebizitzetan bizi dira, eta eguneko zentro bat dute eskura. Helburua da herritarrak herrian integratzeko lanean ari diren profesionalak bagaudela ohartzea.

J.M.L.: Zarauzko eredua interesgarria da erakunde askok parte hartzen dutelako: Osakidetzak, Udaltzaingoak eta beste hainbat eragilek. Modu koordinatuan egiten dugu lan. Beste herri askotan ere ari gara lanean: Errenterian, Hernanin, Astigarragan, Tolosan eta Arrasaten, besteak beste.

A.B.J.: Trantsizioan gaude etengabe. Donostian etxe handiak ditugu; Zarautzen, aldiz, etxebizitza txikiagoetan oinarritutako eredua dugu. Etorkizunean Zarauzko eredua gehiago errepikatuko dela uste dugu. Behar handia dago, eta eskaera gero eta handiagoa da.

Emaus marka oso finkatuta zegoen...

A.B.J.: Arriskuak beti daude, baina aldaketa beharrezkoa zela ikusi dugu. Emaus izenarekin, jende askok trapero irudiarekin eta bigarren eskuko dendekin lotzen gintuen, baina hori ez da gure lana, gure helburuak lortzeko tresna bat baizik. Gure lana pertsonen bidelagun izatea da, eta hori hobeto azaltzeko beharrezkoa ikusi dugu izena aldatzea. Kontziente gara azalpen asko eman beharko ditugula.

J.M.L.: Beste arrazoi garrantzitsu bat euskara izan da. Dokumentazio eta plangintza guztia euskaraz egin dugu, eta euskarari bultzada eman nahi diogu. Hemengoak gara, hemen gaude eta hemengo gizartearen bidelagun izan nahi dugu.

Barne tentsiorik edo arazorik izan al da?

A.B.J.: 355 pertsona izanik, normala da tentsioak egotea. Urte asko daramatzan jendea dago erakundean, eta horrek ere eragina du. Gure helburuak ez dira aldatu, baina bai gizarteak gu ikusteko modua.

J.M.L.: Aldaketa guztiak dira zailak. Erresistentziak teknikoak izan daitezke, baina baita etikoak ere. Ez da soilik lan egiteko modua aldatzen, balioak, ohiturak, lehentasunak eta bizimoduak ere jokoan daude.

Zein dira gaur egungo gizartearen behar nagusiak?

A.B.J.: Kale egoeran dauden pertsonak dira gehien iristen zaizkigunak, aldundiak bideratuta, askotan. Pertsona horietako askok egoera kronifikatuak dituzte: adikzioak, langabezia edota bakardade egoera. Horregatik, gure helburua egoera horietara iritsi aurretik esku hartzea da.

J.M.L.: Muturreko egoerara iritsi aurretik laguntzea errazagoa da. Teilaturik eta ogibiderik gabe gelditutakoan, oso zaila da egoera horretatik irtetea.

A.B.J.: Adikzioren bat duten pertsonak ez dira behartuta sentitu behar. Guk ez ditugu ezer uztera derrigortzen. Segurtasuna eta egonkortasuna lortzen dituztenean, askotan beraiek hasten dira aldatzen.

J.M.L.: Ez dugu diru laguntzarik nahi; hitzarmen duinak nahi ditugu, eta elkarrekin lan egitea. Gizarte arazo hau guztion artean konpondu behar da. Diru laguntzarik ez, hitzarmenak bai.

Zeintzuk dira Batuzen helburuak etapa berri honeta helburuak?

A.B.J.: Izena aldatu da, baina lana eta egitura mantentzen dira. Plan estrategiko batekin ari gara lanean, eta sei erronka nagusi ditugu. Momentuko beharrei erantzuten jarraitu nahi dugu, baina horretarako egitura sendo bat behar da.

J.M.L.: Profesionaltasunez lan egiten jarraitu nahi dugu: gardentasunez, kalitatez eta genero ikuspegiarekin. Agian, gure lana ez da ikusgarria izango, baina pertsonei beren bidea egiten laguntzea da gure egitekoa.

A.B.J.: Pertsona horiek gizartean integratzea da fundazioaren azken helburua. Ezin dira aparteko burbuila batean bizi; gizarteko dinamiketan parte hartzeko eskubide osoa dute, herritar orok bezalaxe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide