Hondartza denboraldia hasteko egun gutxi batzuk geratzen dira oraindik, baina herritarrak zein bisitariak hasi dira dagoeneko egun eguzkitsuez zein beroez gozatzen. Asteburuan, esaterako, hondartzak leporaino bete dira, tartean, Zarauzkoa. Tenperatura altuak izan dira, eta bainua izan da egoerari aurre egiteko jende askok egin duen hautua. Olatu handirik ez bazegoen ere, korronte biziak izan dira, eta horrek hainbat gorabehera eragin ditu erabiltzaileen artean: surflariek erreskate ugari egin behar izan dituzte asteburuan zehar.
Hondartza denboraldia ekainaren 1ean hasiko da; astebete geratzen da sorosleen zerbitzua martxan jartzeko, alegia. Asteburu honetan 30 lagun inguru atera dituzte uretatik, eta sorosleen faltan, surflariak izan dira lan horietan aritu direnak. Egoera ikusita, Zarauzko surf eskolek surf oholak zein salbamendu jakak jarri dituzte hondarretan, herritarren eskura. Erreskaterako zirela jakinarazteko, "SOS" hitzak margotu dute taula horien atzealdean.
Horrez gainera, Zarauzko Surf Elkarteak boluntarioen Whatsapp talde bat jarri du martxan egunotan. Taldearen helburua da maiatzeko azken egunotan izango diren uretako korronteetan laguntzea. Halaber, ostiralean egin zituzten erreskateak ikusita, sorosleek, beraien borondatez, hondartzako gune kritikoenak bandera gorriekin mugatu zituzten, bai larunbatean, bai igandean.
Korronteen arriskua
Boluntarioen taldeak korronteak dauden lekuetan sortzen diren txurroek duten arriskuaz ohartarazi du: "Eremu horietan ez da ia olaturik lehertzen, eta badirudi eremu lasaia dela, baina kontrakoa da". Izan ere, taldeak azaldu duen moduan, barrualdera doan korronte indartsuko erreka bat osatzen da txurroa dagoen lekuan. Gehitu duenez, hondartzako hainbat puntutan gertatzen da hori; egunotan, esaterako, malekoiaren amaieran, eta Argiñano, Beraza zein Muskaria parean sortu dira.
Horren aurrean, boluntarioek etxean gaiaz hitz egitera deitu dituzte herritarrak, "haurrek egoera horretan nola jokatu jakin dezaten". Hala, ondorengo instrukzioak eman ditu taldeak: "Zeharka edo alboetarako joan behar da, hondartzarekiko paraleloan edo moila aldera, sekula ez hondartzarantz igeri eginaz, hori korrontearen aurka joatea izango litzateke eta".