Pauso arinak Santa Marina kalean barrena

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 22a

Urtero bezala, 7 eta 14 urte bitarteko neska-mutil ugarik hartu zuten atzo arratsaldean santamarinetako korrika probetan. Giro aparta sortu zen auzoan. Gaur iluntzean, 22:00etatik aurrera, jaietako unerik gorenena ospatuko dute: Santa Marinako danborrada.

Santa Marina eguna izan zen atzo, maiatzaren 21a, eta ohi bezala, auzoko ermitan meza izan ondoren, txokolate jana Kirkilla-Enea jatetxean eta auzoko jubilatuentzat hamaiketako banatu zuten Arkaitz-Mendi elkartean. Benetako jai giroa, baina, arratsaldean piztu zen, herriko haurrek horren gogotsu itxaroten duten lasterketekin.

Atzokoan ere makina bat neska-mutilek hartu zuten parte 17:30etik aurrera antolatu zituzte probetan. Lau txanda egin zituzten: 11 eta 14 urte bitarteko neskak, 11 eta 14 urte bitarteko mutilak, 7 eta 10 urte bitarteko neskak eta 7 eta 10 urte bitarteko mutilak, hurrenez hurren. Kategoria bakoitzeko irabazleari eta auzoko lehen sailkatuari trofeoa eman zieten, eta horretaz gain, parte hartzaile guztientzat opari eta askaria egon zen. Bestalde, 11 eta 14 urte bitartekoen artean, lehen itzulia azkarren egiten zuenari pizza bat ere oparitu zioten.

Lasterketen ondoren, DJ Bonen emanaldia izan da eta buruhandiak ere izan auzoan. Bestalde, hedabide honek Guka Txokoa jarri du, eta herritar dezente bertaratu da puxikak hartzera, marraztera eta, bide batez, Guka produktuak ezagutzera.

Gaur iluntzean, jaietako unerik bereziena izango da, Santa Marinako danborrada. Urtero bezala, jendetza bilduko da auzoan, 22:00etatik aurrera, eta danbor doinuen erritmoan, karroza argitsua aterakoa da Santa Marina eta bere laguntzaileekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide