Tabakoaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin lotutako jarduerak antolatu ditu udalak

Intza Trula 2026ko maiatzaren 21a

Zigarreta elektroniko bat. (Pixabay)

Tabakoaren Aurkako Nazioarteko Eguna da maiatzaren 31, eta egunarekin bat egiteko sentsibilizazio zein prebentzio jarduerak prestatu ditu Zarauzko Udalak. Esaterako, maiatzaren 27an zigarreta elektronikoen erabileraren inguruko hitzaldia emango dute Antoniano aretoan.

Herritarrak tabakoa kontsumitzeak duen eraginaz jabetzeko helburuarekin, Zarauzko Udalak hainbat sentsibilizazio zein prebentzio saio antolatu ditu datorren asterako. Maiatzaren 31a da Tabakoaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta Zarauzko osasun zentroarekin eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearekin elkarlana egin dute aipatu hitzorduak prestatzeko.

Hori horrela, maiatzaren 25etik 29ra informazio mahaia jarriko dute Zarauzko osasun zentroan, herritarrei tabakoaren inguruko informazioa, aholkuak eta erretzeari uzteko baliabideak eskaintzeko.

Horrez aparte, maiatzaren 27an, 18:00etan, hitzaldi berezia jarraitzeko aukera izango da Antoniano aretoan. Baperraren aurpegi ezkutua izenburua du hitzaldiak, eta zigarreta elektronikoen erabileraren arriskuei buruz ohartaraztea da helburua. Saioa elebitan eskainiko dute.

Halaber, maiatzeko azken astean Gaztelekuan sentsibilizazio txokoak antolatuko dituzte gazteen artean kontzientziazioa sustatzeko eta ohitura osasungarrien garrantzia lantzeko.

Era horretan, hitzorduen antolatzaileek azpimarratu dute erretzeari uztea dela "osasunaren alde hartu daitekeen erabakirik garrantzitsuenetako bat". Hala, gogorarazi dute prozesu horretan laguntza eta aholkularitza profesionala eskuragarri dutela Osakidetzan. Informazio gehiago nahi duten herritarrek osasun zentrora jo dezakete, eta erizainarekin edo medikuarekin hitzordua eskatu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide