Getaria-Zarautz igeriketa proba egingo duten emakumeentzako entrenamenduak antolatu dituzte

Intza Trula 2026ko maiatzaren 20a

Gipuzkoako Foru Aldundiko, Zarautz Balea igeriketa taldeko eta Arazi Ideiak Borobiltzen enpresako kideak. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Uztailaren 18an eta 19an egingo dituzte Zarautz-Mollarri-Zarautz eta Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiak, hurrenez hurren. Bertan parte hartuko duten emakumeei zuzendutako hiru entrenamendu prestatu dituzte: maiatzaren 31n, ekainaren 21ean eta uztailaren 11n izango dira Getaria hondartzan.

Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia egingo duten emakumeei proba prestatzen laguntzeko entrenamenduak antolatu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak, Zarautz Balea igeriketa taldearekin eta Arazi Ideiak Borobiltzen enpresarekin elkarlanean prestatu ditu saioak, eta guztira hiru entrenamendu izango dira: maiatzaren 31n, ekainaren 21ean eta uztailaren 11n, Getariako hondartzan, hain justu.

Antolatzaileen esanetan, entrenamenduen helburua da "parte hartzaileek uretan duten konfiantza indartzea eta esperientzia segurtasun handiagoz bizitzen lagunduko dien aldez aurreko laguntza eskaintzea". Ildo horretatik, esan dute ekimena bereziki ur irekietako proba bat lehen aldiz egin behar dutenei zuzendua dagoela, eta, horregatik, saioetan izena emateko prozesuan lehentasuna izango dutela pertsona horiek.

Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak bultzatzen duen Emakumeok Mugimenduan programaren barruan egingo dute. Programa horren helburua zera da: emakumeen kirol praktika sustatzea, erreferenteak sortzea, eta ingurune seguru, irisgarri eta inklusiboak bultzatzea.

Probak, uztailean

Uztailaren 18an jokatuko dute aurten Zarautz-Mollarri-Zarautz proba; Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia, berriz, hurrengo egunean izango da, uztailaren 19an. Zarautz Balea igeriketa taldeak Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren "izaera berezia" azpimarratu nahi izan du: "Aurten probak 3.300 parte hartzaile izango ditu, eta izen emateak inoiz baino lehenago itxi dira, maiatzaren 4an. Horrek erakusten du hitzorduak duen errotzea eta erakargarritasuna; izan ere, pertsona askok erronka pertsonal gisa bizi dute, baita familiarekin edo lagunekin partekatzeko esperientzia gisa ere. Urtez urte, antolakuntzak milaka testigantza eta bizipen jasotzen ditu, zeharkaldi honek duen balio emozionala agerian utziz".

Taldeko kideen esanetan, proban emakumeen parte hartzeak izan duen bilakaerak "horrelako programen garrantzia berresten du". Gogora ekarri dutenez, 2019an 750 emakumek hartu zuten parte; 2022an, 808k; 2023an, 922k; 2024an, 1.090ek; eta 2025ean kopurua 1.100 emakumera iritsi zen, hau da, parte hartzaile guztien %35 izan ziren. Kirol hitzorduaren antolakuntzak emandako datuen arabera, azken edizioetan emakumeen parte hartzea %45,3 hazi da.

Goizane Alvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak nabarmendu du datu horiek erakusten dutela "konfiantza, laguntza eta segurtasun baldintzak sortzen direnean emakume gehiagok ematen dutela pausoa". Era berean, azpimarratu du "ez dela nahikoa kirolerako atea irekitzea", eta horregatik esan du "baldintzak sortu" behar direla "emakume guztiek ate hori berdintasunean zeharkatu ahal izateko". Ildo horretatik, ondorengoa dio Alvarezek: "Emakume askok Getaria-Zarautz zeharkaldia bezalako probetan parte hartu nahi dute, baina batzuetan lehen laguntza bat behar dute, zalantzak argitzeko, beldurrak partekatzeko eta segurtasuna irabazteko espazio bat, eta horretarako dira prestatu ditugun entrenamenduak".

Hamar asteko prestakuntza

Hiru entrenamendu saio horiez gain, Zarautz Balea taldeak hamar asteko entrenamendu plan espezifikoa diseinatu du emakumeentzat. Planak igerilekuko eta itsasoko saioak uztartzen ditu, "proba modu progresiboan prestatzeko". Arazi Ideiak Borobiltzen enpresak ere parte hartu du topaketen antolakuntzan, Zarautz Balea Igeriketa Taldearekin batera jardueren dinamizazioa, komunikazioa eta kudeaketa koordinatuz.

Plana maiatzean hasiko da, eta antolatzaileen hitzetan, prestaketa "egokitua" izango da, "parte hartzaile bakoitzaren erritmoak errespetatuz eta arreta errendimenduan ez ezik konfiantzan, elkar zaintzan eta partekatutako esperientzian ere jarriz".

Diputatuak Zarautz Balea Igeriketa Taldeak eta saio horietan laguntzen duten emakume erreferenteek egindako lana ere balioetsi nahi izan du. Aurreko edizioetan, Adriana Campoy eta Ainhoa Murua bezalako espezialistek hartu dute parte entrenamenduetan, eta ur irekietako igeriketari lotutako alderdi teknikoak, emozionalak eta segurtasunekoak landu dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide