Zarauzko EH Bilduk etxebizitza "merkeak eta iraunkorrak" behar direla aldarrikatu du

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 19a

Zarauzko EH Bilduko kideak, atzo arratsaldek agerraldian. (Aritz Mutiozabal)

Etxebizitza arazoari aurre egiteko, koalizio subiranistak ezinbestekotzat jotzen du Zarautz gune tentsionatu izendatzea. Horrekin batera, dagoen etxebizitza parkea aktibatzeko neurriak proposatu ditu, baita alokairuko parke publikoa sustatzea ere.

"Etxebizitzaren arazoa larrialdi bihurtu da aspaldian". Mezu argia helarazita ekin zion EH Bilduk atzo arratsaldeko agerraldiari. Berehalako norabide aldaketa handi baten beharra azaldu zuen; batik bat, azken datuak erdigunera ekarrita: batetik, azken soziometroaren arabera, etxebizitza da gaur egun euskal herritarren %57aren lehen kezka, eta bestetik, Zarautz da Espainiako Estatuan etxebizitza garestien duen herria.

Koalizio subiranistak hiru ardatz proposatu ditu, "aldaketa hori norabidetzeko" eta Euskal Herri osorako erronka gisa. Ardatz nagusi horiek honako hauek dira, eta jarduera lerro zehatzak izango ditu: merkatuan esku hartzeko beharra, etxebizitzaren izaera soziala errealitate bihurtzea eta alokairuzko parke publikoa sustatzea. Ildo horretan, Zarautzen "etxebizitza merkeak eta iraunkorrak" behar direla aldarrikatu du.

Etxebizitza merke eta iraunkor batzuk jada eraikita daudela adierazi zuten koalizioko kideek, baina horiei ez zaiela etxebizitza erabilera ematen zehaztu. Zarauzko azken datuak –2023koak– kontuan hartuta, 907 etxebizitza huts, 2.423 bigarren etxebizitza eta 170 etxebizitza turistiko daude, eta beste hainbat jarduera ekonomikotarako –dentista, fisioterapeuta, abokatu eta abarretarako– erabiltzen direnak. Guztira, 3.500 etxebizitza inguru direla azpimarratu dute, eta horiek "lehen etxebizitza erabilerara bideratzea" lortu behar dela.

"Errespetu falta"

Eman beharreko lehen pausoa Zarautz gune tentsionatu izendatzea dela iritzi diote. "Udal gobernuak oraindik ez du pausorik eman horretarako. Esan dute ez dela beren lehentasuna. Zentzurik ez izateaz gain, udal honi errespetu falta bat ere bada hori; izan ere, mozio bat onartu genuen PSE-EEren eta EH Bilduren aldeko botoekin, eta EAJk beste alde batera begiratzen jarraitzen du. Ez dugu ulertzen. Horrek neurri batzuk hartzea ahalbidetuko liguke, besteak beste, alokairuari mugak jartzea".

Merkatuari mugak jartzeaz gain, dagoeneko baden etxebizitza parkea aktibatzera bideratutako neurriak hartu behar direla uste du koalizioak. Hori horrela, ezinbestekotzat jo du etxebizitza hutsak mobilizatzea. Adibide gisa, Azpeitiko eredua aurkeztu zuten kideek: "Kanona aplikatzearen aukera baliatuz, Azpeitiko Udala prozesu oso bat ari da egiten herritarrekin. Helburua ez da kanona aplikatzea, helburua etxebizitza hutsak merkaturatzea da".

Etxebizitza turistikoak bizitzeko izan behar dutela zehaztu zuen, halaber, EH Bilduk: "Momentuz moratoria batean gaude eta baimen gehiago ezin dira eman. Baina moratoria horrek epe muga bat du". Era berean, jarduera ekonomikoak martxan diren etxebizitzak ohiko etxebizitza bihurtzearen aldeko agertu zen; EH Bilduk dio lanketa bat egin beharko litzatekeela negozio horiekin batera, horiek lokal komertzialetara lekualdatzeko eta jarduera egiten ari diren etxebizitza horiek ohiko etxebizitza bihurtzeko.

Hartu beharreko beste neurrietako bat eraikita dagoena birdentsifikatzea dela azaldu zuen koalizioak: "Bizi unitateak gero eta txikiagoak dira, eta etxe handi asko daude Zarautzen. Segregazioak baimendu ez ezik, bultzatu egin behar dira. Horretarako moduak badaude".

Etxebizitza sozialen alde

Etxebizitza ugari eraiki dira azken hamarkadan herrian, eta EH Bilduk defendatzen duen etxebizitza merkea eta iraunkorra, gaur-gaurkoz, "alokairuko etxebizitza soziala" dela azaldu zuen. 2015etik, 663 etxebizitza libre eraiki dira Zarautzen, eta babestutako 671 –udal sustapeneko 350, babes ofizialeko 144, 60 zuzkidura bizitoki eta 117 alokairu sozialekoak–, eta horietatik, 177 "bakarrik" bideratu dira alokairura.

"Hainbeste eraikita ere Zarautz da Euskal Herriko etxebizitza garestiena daukan herria. Horrek argi eta garbi adierazten du eraikitzearekin bakarrik ez dugula nahikoa", esan zuen koalizioak. Halaber, aztertu eta sustatu daitezkeen eraikitzeko beste eredu batzuk jarri zituzten mahai gainean; besteak beste, modu kooperatiboan eginikoak edo askotariko bizitokiak. Baina, ororen gainetik, argi utzi nahi izan zuten kideek EH Bilduren epe luzerako helburua etxebizitza eskubide unibertsal bihurtzea dela, "ez paperean, errealitatean baizik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide