Konponbiderik ezean, hilerriko lan gatazka bide judizialera eramango duela esan du LABek

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 18a

Zarauzko hilerria.

Zarauzko Udalak Hargoi enpresari esleitu dio hilerriko zerbitzua, eta ondorioz, zerbitzua emateari utzi dion Landarri enpresak "berariaz" eten du lau langileekin zuen harremana. Hilerriko zerbitzuak publikoa izan behar lukeela esan du LABek, eta publifikatzeko bidean urratsak emateko eskatu dio sindikatuak Zarauzko Udalari.

LAB sindikatuak "bidegabetzat" jo du Zarauzko hilerrian lan egiten zuten lau beharginak kaleratu izana. Zarauzko Udalak Hargoi enpresari esleitu dio hilerriko zerbitzua, eta ondorioz, zerbitzua emateari utzi dion Landarri enpresak "berariaz" eten du lau langileekin zuen harremana. Hargoi enpresak ez ditu subrogatu behargin horiek, eta beraz, bi enpresen erabakien ondorioz, "linbo" batean geratu direla salatu du LABek. 

Sindikatuak azaldu duenez, bi enpresek onartu dute langile horien lan harremanak arautzen dituen lan hitzarmen kolektiboa Gipuzkoako eraikuntzakoa dela eta hitzarmen horren subrogazioa aurreikusten duela. Gainera, azken hogei urteetan, hilerrian lan egiten duten langileak, antzeko egoeratan, beti subrogatu izan dituztela esan du. "Hargoik, baina, ez du subrogaziorik gauzatu eta ez ditu bere gain hartu orain arte funtsezko zerbitzu publiko hori etengabe garatu duten langileak", adierazi du.

Konponbiderik ezean, beharginen lan eskubideak defendatzeko eta gatazka horretatik eratorritako erantzukizunak argitzeko, bi enpresen aurkako ekintza judizialak bultzatuko dituela esan du LABek. Halaber, Zarauzko Udalari adierazi dio ezin diola langileekiko duen ardurari muzin egin. "Berriro ere modu gordinean agerian geratzen da funtsezko zerbitzuen publifikazioaren eta kudeaketa publiko zuzenaren beharra, bai herritarrei kalitatezko zerbitzua bermatzeko, bai beharginen eskubideen, baldintzen eta egonkortasunaren mesedetan", erantsi du.

Hilerriko zerbitzuak publikoa izan behar lukeela esan du LABek: "Interes orokorra eta langileen eskubideak nahiz irizpide ekonomiko hutsak eta efizientzia kontrajartzen dituen dikotomia faltsua eta tranpatia gainditu beharko litzateke". Halaber, Zarauzko Udalari oinarrizko zerbitzuak publifikatzearen aldeko urratsak emateko eta halako zerbitzuak zuzenean kudeatzeko konpromisoa eskatu dio sindikatuak. 

ELAk ostiralean eman zuen lau beharginen egoeraren berri, eta Hargoi enpresari langileak subrogatzeko eskatu dio

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide