Mikel Lopetegi 'Urra' eta Maddi Gesalaga irabazle, Gorostidi Harriaren XVII. Txapelketan

Intza Trula 2026ko maiatzaren 18a

Mikel Lopetegi 'Urra' eta Maddi Gesalaga, Gorostidi Harriaren XVII. Txapelketa amaitu ostean. (Ibon Errazu)

Atzo jokatu zuten txapelketa, Adunako (Gipuzkoa) pilotalekuan, eta estreinakoz jokatu zuten emakumeen lehia. Parte hartzaile bakoitzak bost harri altxatu behar izan zituen bi aldiz, eta lanak burutzen azkarrenak izan ziren Urra eta Gesalaga zarauztarrak.

Mikel Lopetegi Urra-k eta Maddi Gesalagak irabazi dute Gorostidi Harriaren XVII. Txapelketa. Atzo jokatu zuten lehia, Adunako (Gipuzkoa) pilotalekuan, eta, zehazki, lehendabizikoz jokatu zuten emakumeen txapelketa.

Proban zehar, parte hartzaile bakoitzak bost harri jaso behar izan zituen bi aldiz, eta guztietan azkarrenak zarauztarrak izan ziren. Emakumeen eta gizonen harri eta pisuak ezberdinak izan ziren. Hala, Gesalagak minutu bat eta 50 segundotan amaitu zituen lanak; Urrak, berriz, bi minutu eta 27 segundo behar izan zituen altxaldiak amaitzeko.

Emakumeetan bigarren postua Estefania Etxebesterentzat izan zen (minutu bat eta 52 segundo), eta hirugarren lekuan geratu zen Udane Ostolaza oriotarra (hiru minutu eta segundo bat). Gizonezkoetan bigarren sailkatua Gari Garmendia izan zen (bi minutu eta 58 segundo), eta hirugarren izan zen Jon Unanue Goenatxo azkoitiarra (lau minutu eta hamabost segundo).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide