Euskal literaturak dardarka jarriko du maiatzean Zarautz

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 16a

Garoa liburudendan egindako aurkezpen ekitaldiko argazkia. (Juan Luis Romatet)

Dar-dar izango du gaia maiatzaren azken asteburuan euskal literaturaren inguruan Zarautzen egingo duten jaialdian. Maialen Berasategiren manifestuak emango dio hasiera aurtengo aldiari. 

Euskal literaturaren plaza bihurtuko da beste behin ere Zarautz maiatzaren inguruan. Hilaren 29an hasi eta hiru egunetan zehar, liburu azoka, aurkezpenak, ekitaldiak eta emanaldiak izango dira kostaldeko herrian, beti ere euskal literatura ardatz dutela, Dar-dar gaiaren inguruan. Horren berri eman zuten pasa den ostegun arratsaldean Zarauzko Garoa liburudendan egin zuten aurkezpen ekitaldian. Bertan izan ziren Literaturia antolatzen duen taldeko kideak, kolaboratzaile duen Berria egunkariko ordezkari Irati Azkue, eta Zarauzko Udaleko kultur zinegotzi Irune Urbieta.

Euskal literaturaren ezinbesteko topagune bakarrik ez, aurkezpenean zehar nabarmendu zuten Doinuele sareko aurtengo laugarren euskara hutsezko plaza izango dela Zarautz. Udalari eta Berria hedabideari eskerrak eman eta gero, antolakuntza taldeko kide Itziar Iruretagoienak azaldu zuen "egitarau zabala" prestatu dutela maiatzaren 29, 30 eta 31n egingo duten Literaturiarako. 

Hala, ekitaldi gehienezk herriko bi puntutan egingo dituztela adierazi zuen. Batetik, Lege Zaharren Enparantzan jarriko dute liburu azoka eta bertan kokatuko duten karpan egingo dituzte liburu aurkezpenak, azken horiek Ahotsenearekin elkarlanaean. Bestetik, Modelo aretoan egingo dituzte literaturaren bueltan antolatutako jaialdi horretako ekitaldiak.

Aurtengo Literaturia maiatzaren 29an hasiko da, 20:00etan, Maialen Berasategik irakurriko duen manifestuarekin. Hurrengo egunean, larunbatean, aitortza egingo diote aurten 25 urte bete dituen Armiarma.eus atariari, literaturaren "transmisioan, zabalkundean eta zaintzan" egindako lanagatik. Manu Urbietak sortutako oroigarria jasoko dute atari horretako arduradunek.

Ekitaldiei dagokionez, ostiralean, maiatzaren 29an, Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begian ikuskizuna izango da Modelo aretoan. Larunbatean, leku berean, bi hitzordu izango dira: eguerdian, 12:30ean hasita, Lurdes Iriondo. Isilarazitako ahotsa emanaldia eskainiko dute Jon Martin, Irati Odriozola, Ainhoa Ansa eta Gari Amundarainek. Iluntzean, berriz, 20:15ean hasita, Habia taldeak Lagunarte konpainiarekin ondutako omen musika emanaldia eskainiko du. Antolakuntza taldeko Tasio Gorrotxategik esandakoaren arabera, "tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen dituen musika" entzun ahal izango da emanaldian zehar.

Igandean beste bi emanaldi izango dira Literaturiaren barrian. 11:30ean, Itzulpena: ezinean, ekinean elkarrizketa musikatua eskainiko dute Xabier Olarra, Uxue Rey eta Lide Hernandok Santa Klara komentuko elizan. Arratsaldean, berriz, 16:45ean, literatura, dantza eta musika uztartzen dituen Klera ikuskizuna aurkeztuko dute Modelo aretoan. "Espainiako Literatur Saria irabazi duen Leire Bilbaoren Klera liburutik abiatuta, proposamen multidiziplinarra egiten du Jon Maya", esan zuten aurkezpen ekitaldian.

Emanaldi horietatik hiru, Zerbait sartu zait begian, omen eta Klera, ordainpekoak izango dira, eta sarrerak Literaturiaren webgunean, zein Modelo aretoko leihatilan egongo dira salgai. Agortu ez badira, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik jarriko dituzte salgai antzokiko leihatilan.

Aurkezpenak eta literatur tailerra

Larunbatean egingo dituzte liburu aurkezpenak Lehe Zaharren Enparantzan egingo duten liburu azokan, horretarako espresuki jarritako karpan. Aurtengo Literaturian aurkeztuko dituzten argitalpenak honakoak izango dira: Amaia Aranzetaren Bihotzaren izkin batetik (11:00), Nahia Intxaustiren Zainetatik zilarra (11:30), Ibai Sarasuak itzulitako Pol Guaschen Bihotzean napalma (12:15), Joxean Agirreren Mio marito deitzen zion (12:45), Maite Lopez las Herasen Zirtak su I. Hasieran bazen hitza (13:15), Garbiñe Ubedaren Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza (13:45), Leire Mendiburuk itzulitako Fatima Ouassaren Ekologia pirata baten alde (16:30), Iñigo Roquek itzulitako Pepetelaren Utopiaren belaunaldia (17:00), Aitziber Etxebarriaren Chicago (18:30) eta Peio Iturralderen Denboraren esku urdinak (19:00).

Azoka, aurkezpen eta emanaldiez gain, bestelako ekintzak ere izango dira hiru egun horietan Zarautzen. Larunbat goizean, hilaren 30ean, 11:00etatik aurrera, Mejillon Tigre kolektiboak gidatutako 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako literatur tailerra egingo da Etxezabala aretoan. Ekintza horretan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea literaturia.zarautzen@gmail.com helbidera idatzita.

Egitaraua:

Maiatzak 29, ostirala

  • 20:00. Maialen Berasategiren manifestua, Modelo aretoan.
  • 20:15. Zerbait sartu zait begian ikuskizuna, Imanol Epelderen eskutik, Modelo aretoan.

Maiatzak 30, larunbata

  • 11:00. 12 eta 16 urte arteko gaztetxoentzako idazketa tailerra, Mejillon Tigreren eskutik, Etxezabalan.
  • 11:00-12:00. Liburu aurkezpenak, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 11:00-14:00 eta 16:30-19:30. Liburuen azoka, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 12:00. Armiarma literaturaren sareari omenaldia, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 12:15-14:00. Liburu aurkezpenak, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 12:30. Lurdes Iriondo. Isilarazitako ahotsa, Jon Martinen, Irati Odriozolaren, Ainhoa Ansaren eta Gari Amundarainen eskutik, Modelo aretoan.
  • 16:30-17:30. Liburu aurkezpenak, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 17:30-18:30. Ongi etorri ipuin kontaketa musikatua helduentzat, Ameliren eskutik, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 18:30-19:30. Liburu aurkezpenak, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 20:15. Omen, Habia taldearen musika emanaldia, Modelo aretoan.

Maiatzak 31, igandea

  • 11:30. Itzulpena: ezinean, ekinean Xabier Olarraren, Uxue Reyren eta Lide Hernandoren eskutik, Santa Klara komentuko elizan.
  • 16:45. Literattipia: Klera dantza emanaldia, Kukai eta M. Larbururen eskutik, Modelo aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide