Herri oso baten besarkada jaso du Amenabar Zarautzek

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 16a

Amenabar Zarautz eskubaloi taldeak pasa den asteburuan lortu zuen Zilarrezko Ohorezko Mailara itzultzea, eta atzo arratsaldean, herri oso baten harrera beroa jaso zuen, merezitako aitortza ekitaldian. Jokalariak hunkituta agertu ziren, eta udaletxeko balkoitik, esker oneko hitzak eskaini zizkieten gerturatutako zale guztiei. 

Lege Zaharren Enparantza txapeldunei harrera egiteko festa bihurtu zen atzo arratsaldean. Amenabar Zarautz eskubaloi taldea Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzea lortu ostean itzuli zen etxera, eta familiakoen, lagunen eta zaleen berotasunarekin batera egin zuen itzulera, izan ere, herriak denboraldi bikaina eskertu nahi izan zion taldeari atzoko ekitaldian.

Aurreikusitako ordua baino lehenagotik, dozenaka lagun hasi ziren plazara hurbiltzen, klubeko kamisetak soinean. Txaloak eta animo oihuak izan ziren jokalarien etorreraren lagun, eta irribarre nahiz besarkada artean hartu zituzten zale gazteenek.

Udaletxeko pleno aretora igo zen taldea kantu eta txalo zaparrada artean. Han, udal ordezkariek omenaldia egin zieten protagonistei, eta talde zarauztarrak lortutako garaipena publikoki aitortu nahi izan zuten, denboraldi apartaren ostean. "Izugarrizko poza hartu genuen igandean, helburua bete zenutela jakin izan genuenean. Izan ere, berriro itzuli zarete nahi zenuten lekura. Entrenatzaileei, jokalariei, zuzendaritzari eta eskubaloiaren familia osoari, datorren urtean guztion laguntzarekin, hor goian jarraitzeko indarra eta osasuna opa dizkizuegu", nabarmendu zuen Xabier Txurruka Zarauzko alkateak jokalarien aurrean. 

Ekitaldian zehar ez ziren eskerrak emateko mezuak falta izan. Jokalariek eta talde teknikoko kideek denboraldi osoan jasotako babesa nabarmendu zuten, batez ere azken urteko unerik zailenetan. Gogoan izan zituzten ere denboraldian zehar alboan izan dituzten pertsona guztiak, babesleetatik hasi eta "ezkutuko lana" egiten dutenetaraino. Kanarietara joandako zaleentzat nahiz igoera asteburuan etxetik jarraitu zuten guztientzat ere esker oneko hitzak izan ziren. 

Omenaldiak balio izan zuen, halaber, herrian eskubaloiak duen papera azpimarratzeko eta Zilarrezko Ohorezko Maila bezalako kategoria batean berriro lehiatzearen garrantzia aldarrikatzeko. 

Jokalariek eta zaleek iluntzera arte luzatu zuten festa plazan, eta udaletxeko balkoitik, pare bat bertso ere abestu zituzten herritarren laguntzarekin. Hain zuen ere, denboraldiaren hasieratik taldeak lortu nahi izan duen eta, azkenean, errealitate bihurtu den igoeraz gozatu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide