Hibai Rekondo abeslaria zendu da, 71 urte zituela. Caracasen (Venezuela) jaio zen 1954an, eta seme-alabak Euskal Herrian hezi nahiak bultzatuta, Zarautzen hartu zuten bizitokia. 1970ean hasi zen kantatzen, oraindik nerabea zela, eta Imanol Urbieta izan zuen lehen maisuetako bat. Kantagintzak "herriaren esnatzaile" izateko zeregina zuelakoan ekin zion musikari, eta Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta beste batzuen kantuak abesten zituen.
Aseari goitizenez kaleratu zuen Euskal Herria 1975 bere lehen diskoa, eta bertan berak sortutako edota moldatutako kantuak jaso zituen. Bide beretik, Euskal Herria 76-77: negu luze hotzetik diskoa kaleratu zuen handik bi urtera, eta sasoi hartan, filmeetako soinu bandak ontzen hasi zen; esaterako, Imanol Uriberen Burgosko prozesua pelikularako. Ondoren, bi itzulera izan zituen; bata, 80eko hamarkadan, Lauaxetaren poema oinarri hartuta eginiko Amaiur, gaztelu baltza diskoarekin, eta bigarrena, bi hamarkada geroago, 2009an, Suaren desira azken lanarekin.
Euskal Herrian barna makina bat kontzertu eskaintzeaz gain, Espainian, Herrialde Katalanetan, Galizian, Frantzian, Belgikan zein Alemanian abestu zuen Rekondok aurreko hamarkadetan. Gaztetan Zarautz bizileku izan bazuen erer, Urruñako (Lapurdi) Pausu auzoan bizi izan zen zenbait urtez, baita Gasteizen ere. Naiz-ek zabaldutako informazioaren arabera, Zaragozan (Espainia) hil da erorketa baten ondorioz.