Zarautzen izango du irteera puntua aurten Euskal Herriko Itzuliak, eta proba hasteko ordu gutxiren faltan, aurtengo edizioko talde parte hartzaileen aurkezpen ofiziala egin dute gaur arratsaldean malekoian. Eguraldia lagun ez izan arren, herritar ugari gerturatu da bertara, protagonistak gertutik ezagutu eta kirol hitzordu handietako baten aurreko giroa bizitzera.
Aurten guztira 19 taldek hartuko dute parte asteburuan zehar jokatuko den txirrindularitza proban. Hain justu, hurrengo taldeak lehiatuko dira datozen egunotan: AG Insurance-Soudal Team (Belgika); FDJ United-Suez (Frantzia); Canyon Sram Zondacrypto (Alemania); Liv Alula Jayco (Australia); Lidl-Trek (Alemania); Laboral Kutxa (Euskal Herria); Movistar Team (Espania); Team SD Worx-Protime (Herbehereak); Human Powered Health (Ameriketako Estatu Batuak); UAE Team ADQ (Arabiar Emirerri Batuak); Fenix-Premier Tech Rouille (Belgika); Team Picnic Postnl (Herbehereak); EF Education First (Ameriketako Estatu Batuak); Uno-X Mobility (Norvegia eta Danimarka); Cofidis Women Team (Frantzia); ST Michel Preference Home (Frantzia); Vini Fantini-Bepink (Italia); Hitech Products-Fluid Controls (Norvegia); eta Ma Petite Entrepise (Frantzia).
Parte hartzen duten talde guztien artean, Laboral Kutxa da, zalantzarik gabe, etxeko faboritoa. Izan ere, Euskal Herriko taldeak Uxua Ostolaza zarauztarra izango du bere plantillan, eta sasoi onean dago, orain dela gutxi Espainiako Itzulian laugarren postua lortu baitu.
Ostolaza "motibatuta eta sentsazio onekin" agertu da probaren atarian, eta oso garrantzitsua izango da berarentzat, bere jaioterrian hasi eta amaituko baita bihar jokatuko den lehen etapa. Aitortza berezia jaso du, gainera, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziaren eskutik, eta lagun nahiz jarraitzaileak ere bertan izan ditu zorte ona opatzeko, berari eta talde guztiari.
Haimar Zubeldia txirrindulari ohiak ere hitza hartu du aurkezpenaren amaieran, Ostolaza eta txirrindulari guztiak animatzeko. "Uxuaren ibilbidea jarraitu dut gazte-gaztea zenetik, eta poz handiz betetzen nau txirrindularitzan jarraitzea aukeratu izanak".
Probako lehen etapa, etxean
Hala, probaren lehenengo etapak Zarautzen izango ditu irteera eta helmuga. Ibilbideak 121,3 kilometroko distantzia izango du, 2.400 metroko desnibel positiboarekin. Zarauzko malekoitik Zumaiarako bidea hartuko dute lehendabizi txirrindulariek, goizeko 10:15 aldera. Behin Itziarrera (Deba, Gipuzkoa) helduta, Debara (Gipuzkoa) jaitsiko dira, eta ondoren Kalbario eta Azkarate mendateak igoko dituzte.
Azkoitirantz joango dira jarraian, eta Azpeitia pasa ondoren, Urrestillatik igaroko dira. Santa Agedako mendatea igoko dute ondoren eta jarraian Etumeta. Handik, Aizarnazabalera joango dira, eta Zubialdetik igarota, Garate igoko dute. Handik Zarautzera jaitsiko dira, eta San Pelaion izango dute helmuga.
Larunbatean, maiatzak 16, 138 kilometroko etapa bat izango dute, 2.560 metroko desnibelarekin. Abadiñon (Bizkaia) hasiko da, eta Zornotzan (Bizkaia) amaitu. Zehazki, Abadiñotik aterata Trabakua igoko dute, eta ondoren Milloi Gane, Natxitua, San Pelaio eta Aretxabalgane mendateak igoko dituzte, proba Zornotzan amaituz.
Hirugarren eta azken etapa, maiatzaren 17koa, Donostian hasi eta amaituko da. 113,1 kilometro izango ditu, 1.840 metroko desnibelarekin. Astigarragatik (Gipuzkoa) igaroko dira lehendabizi, eta Jaizkibel eta Gurutze mendateak igoko dituzte jarraian. Berriro ere Donostiatik pasata, Usurbildik (Gipuzkoa) igaroko dira, eta Oriora sartuko dira. Txanka-hondartzako bidetik barrena, autobideko biribilguneraino egingo dute bidea, eta handik Igeldo aldera hartuko dute. Donostiara joango dira bueltan, helmuga zeharkatzeko.
Gainera, eskualdeko errepideetatik igaroko da proba bihar eta igandean, eta horretaz, eragina izango du trafikoan.