Abiatu dituzte Iñurritzako eguneko zentro berria egokitzeko lanak

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 14a

Iñurritzako eguneko zentro berria ezarriko duten behe lokala. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

544.500 euroko inbertsioa egingo du aldundiak lan horiek aurrera eraman ahal izateko, eta horretarako 6 hilabeteko epea izango du. Zentroak 205 metro koadro izango ditu eta hemeretzi lagunentzako tokia izango du.

Herriko adinekoentzako arreta eta zainketa indartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak abian jarri dituzte Iñurritzako eguneko zentro berria egokitzeko lanak. Eguzki Izarra partzelan eraikitako etxebizitzen enpresa sustatzaileak behe solairuko bi lokal eman zizkion udalari, eta 205 metro koadroko lokala, Iñurritza errekatik hurbilen dagoena, Gipuzkoako Foru Aldundiari lagako dio zentro berria ezartzeko. Guztira, 544.500 euroko inbertsioa egingo du jarduketak aurrera eramateko, eta sei hilabeteko epean egingo dituzte lanak. Zentro berria 205 metro koadroko lokal batean kokatuko da, Iñurritza errekaren ondoan.

Ekipamendu berriak udalerrian dauden beharrei erantzun nahi die; izan ere, plaza eskaera handia dago gaur egun. Adinekoei zuzendutako zerbitzuei dagokienez, Zarautzen Santa Ana egoitza eta Maria Etxetxiki eguneko zentroa daude; lehenak, 87 pertsonari arreta ematen die gaur egun, eta bigarrenak 49 erabiltzaile ditu. Sei hilabete barru, sare horri Iñurritzako eguneko zentro berria gehituko zaio, eta hemeretzi plaza izango ditu.

Aldundiak azaldu du Iñurritzako eguneko zentro berria garrantzitsua izango dela Zarauzko adinekoei zuzendutako arreta eta zainketa ereduan. Kokapen berriak, gainera, udalerriko bizitza komunitarioarekin eta sozialarekin lotura handiagoa izatea ahalbidetuko du, eta, autonomia pertsonala, parte hartze aktiboa eta erabiltzaileen ongizate integrala sustatuko du.

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak adierazi duenez, Zarauzko jarduketak lurralde osoan bultzatzen ari diren estrategiaren barruan kokatzen dira, "zainketa eredu pertsonalizatuago, hurbilago eta pertsonen beharretara egokituago bat" lortze aldera. Era berean, aldundiaren eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetza instituzionala nabarmendu du: "Zarautzen eguneko zentro berri hau abian jartzea beste aurrerapauso bat da hurbileko zerbitzuen sarea indartzeko eta pertsonen ongizatea politika publikoen erdigunean jartzeko konpromisoan".

Zarauzko alkate Xabier Txurrukak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio aldundiari Zarautzen ekosistema soziala "hobetzeko" lanean jarraitzeagatik: “Gure aldetik, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko elkarlanean estu jarraitzen dugu, gure herriko zaintza sarea indartzen baitute”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide