EH Bilduk "gardentasuna" eskatu dio udal gobernuari Urban Klima proiektuaren inguruan

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 17a

Zarauzko malekoiko irudia, Munoa inguruan. (Aritz Mutiozabal)

EH Bilduk "argi" adierazi nahi izan du aldaketa klimatikoaren aurrean neurriak hartzea "ezinbestekoa" dela, eta "ezer ez egitea ez dela aukera bat", baina proiektu estrategikoak modu "garden, arduratsu eta parte hartzailean" kudeatu behar direla nabarmendu dute, nahiz eta haien arabera, "kasu honetan ere Zarauzko Udalak ez du horrela egin".

Klima aldaketaren ondorioz hurrengo hamarkadetan itsas mailak gora egingo duela aurreikusita, 2024ko abenduan Urban Klima proiektuaren berri eman zuten Zarauzko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa den Ihoberen ordezkariek. Bertan, Munoa inguruan hasi eta 158 metrotan zehar itsas pasealekua 50 zentimetro igotzeko asmoa iragarri zuten, Narros jauregitik hasi eta Marinel kalera bitartean. Urte eta erdi igarota, baina, Zarauzko EH Bilduk "gardentasuna" eskau dio udal gobernuari proiektuaren inguruan. 

Oposizioko tadearen esanetan, herritarrek albistearen berri hedabideen bidez jasotzeaz gain, "zarauztarrei ezer ez zitzaiela kostako" adierazi zuten orduan. Dena dela, haien aburuz, Kale Nagusian jarritako infografiek proiektuarekiko "zalantza eta ezinegona" sortu zuten herritarren artean, eta udal gobernuaren "azalpenik ezak kezka areagotu zuen herritarrengan". Herrian sortutako "ezinegonaren" ondoren, 2025eko uztailean, aurreproiektua erakusteko bilera irekia antolatu zuen Zarauzko Udalak Modelo aretoan. "Bilera hartan argi utzi zuten aurreproiektua besterik ez zela oraindik, eta proiektua idazten ari zirela. Hilabeteetako isiltasunaren ondoren, 2026ko otsailean jakin zen obren lizitazioa martxan zegoela", gehitu dute.

Talde subiranistak kostuari buruz galdetu zuen orduan, baina gehitu du ez zaiela "kopuru zehatzaren berri" eman oraindik: "Zarautzek 700.000 euro inguru ordaindu ditzakeela jakin dugun arren, kopuru zehatza oraindik iritsi ez diren diru laguntzen araberakoa izango da", gehitu dute. Beraz, "hasieran herriari ezer kostatuko ez zitzaion proiektua" izango zela iragarri bazen ere, "gaur egun egoera bestelakoa" dela salatu du EH Bilduk, eta Zarauzko Udalak ez duela argitu "zergatik aldatu den marko ekonomikoa". Lizitaziora aurkeztutako proiektuak aldaketak izan dituela esan dute, eta une honetan esleipen prozesuan dagoela. "Esleipena ondo badoa, obrak maiatzean hasiko lirateke, eta abendurako amaituta egon beharko lukete, jaso daitezkeen diru laguntzaren baldintzak betetzeko. Proiektua ostalariekin eta obren eragin zuzena jasango duten bizilagunekin partekatu bada ere, ez da zarauztar guztien eskura jarri eta informazio hori ez da modu orokorrean zabaldu. Horrek are gehiago handitu du ziurgabetasuna, kontuan hartuta lanek zortzi hilabete iraungo dutela eta eremu oso sentikor batean egingo direla", gehitu dute, kezkatuta.

EH Bilduk "argi" adierazi nahi izan du aldaketa klimatikoaren aurrean neurriak hartzea "ezinbestekoa" dela, eta "ezer ez egitea ez dela aukera bat", baina proiektu estrategikoak modu "garden, arduratsu eta parte hartzailean" kudeatu behar direla nabarmendu dute, nahiz eta haien arabera, "kasu honetan ere Zarauzko Udalak ez du horrela egin". Izan ere, haien hitzetan, galdera nagusiek erantzun gabe jarraitzen dute: "Zarauzko Udalak zergatik ez die proiektuaren berri ematen herritarrei? Zarauztarrei zergatik ezkutatzen zaizkie zortzi hilabete iraungo duten lanen nondik norakoak? Eta azkenik, zenbat ordaindu beharko dugu zarauztarrok hasieran ezer kostatuko ez zitzaigula iragarritako proiektu hau?". Zarauzko EH Bildik azpimarratu nahi izan duenez, "klima aldaketari aurre egiteko politikek ikuspegi estrategikoa, parte hartzailea eta gardena" izan behar dute, "eta ez inprobisazioa edo informazioa tantaka eta partzialki ematea". Eta zera gehitu dute: "Erakunde publikoek gardentasuna zor diete herritarrei, eta kasu honetan ez Zarauzko Udalak eta ez Eusko Jaurlaritzak ez dute behar besteko gardentasunez jokatu". Eusko Jaurlaritzan ere informazioa eskatu duela gehitu du EH Bilduk, Legebiltzarrean bertan "galdera zehatza" eginda, baina Zarauzko Udalera bideratu dituzte. "Hasiera batean Eusko Jaurlaritzarena zen proiektua Zarauzko Udalarena bihurtu da antza denez, zarauztarrei informazioa ezkutatzen zaigun arren", adierazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide