Usoa Ostolaza: "Aurten bereziagoa izango da Euskal Herriko Itzulia niretzat"

Enara Ariznabarreta 2026ko maiatzaren 14a

Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarra Espainiako Vueltan. (Laboral Kutxa-Euskadi)

Laugarren postuan amaitu du Usoa Ostolazak (Zarautz, 1998) Espainiako Vuelta. Bihar, Euskal Herriko Itzuliari ekingo dio, etxean, eta lasterketa irabazteko faboritoen artean dago.

Espainiako Vuelta laugarren postuan amaitu berri duzu. Nola joan da proba?
Oso pozik nago lortutako laugarren postu horrekin. Ilusio handiarekin prestatu dudan proba izan da. Maiatza hilabete ona izan ohi da niretzat; errendimendu ona izaten dut normalean, eta joan den urtean ere maila onean aritu nintzen Espainiako Itzulian. Sailkapen nagusian zortzigarren nindoala, azkenengo etapan, Coto Bello mendatearen aurretik erori egin nintzen, eta azkenean hamabigarren postuan bukatu nuen lasterketa.

Aurten ilusio handiarekin prestatu dut Vuelta, sailkapen nagusiko hamargarren postua lortu nahi nuelako. Prestakuntza ondo joan da, ahalik eta ondoen egin ditut aurreko lanak. Hala ere, udaberri gogorra izan dut alergiarengatik, eta lasterketetan ez ditut sentsazio onenak eduki. Banekien lanak ondo eginda iritsiko nintzela, baina errendimendu ona eman nezakeen kezkarekin nenbilen. Eguraldi nahiko kaskarra egin du Espainiako Itzuliak iraun duen egunetan, eta alergiari dagokionez, asko lagundu dit horrek.

Azkenengo bi etapak izan ziren gogorrenak, Les Praeres mendatean eta Angliru goian amaitu zirenak. Hala ere, egia da ondo ematen zaizkidan esfortzuak direla horrelako etapetakoak. Hamargarren postuarekin amesten nuen, eta, azkenean, laugarrenean amaitu dut. Oso pozik nago emaitzarekin eta egunez egun taldearen aldetik jasotako babesarekin.

Bihar hasiko da Euskal Herriko Itzulia, eta Zarautzen, gainera. Zer espero duzu?
Ziur egun berezia izango dela niretzat. Nire burua ondo dagoela eta sasoi onean nagoela ikusi dut aurreko lasterketetan, eta horrek motibazio handia ematen dit neure buruan sinesteko eta datorrenari ekiteko. Euskal Herriko Itzulia beti da lasterketa berezia, etxeko lasterketa da eta urtero gogo handiz hartzen dugu taldekide guztiok. Aurten bereziagoa izango da niretzat, lehenengo etapa Zarautzen hasi eta Zarautzen amaituko delako. Espero dut sentsazio on horiek edukitzen eta nire onena ematen jarraitzea.

Faboritoen artean zaude. Nola daramazu presioa?
Presioa baino gehiago, norberak bere buruari eskatzen diona da kontua. Autoexijentzia gero eta handiagoa da, baita hedabideen aldetik datorrena ere. Emaitza hobeak lortzen ari zarela eta lortzeko gai zarela ikusten duzunean, ez zara edozerekin konformatzen. Lehen, hobekuntza txiki bakoitzarekin pozten ginen, eta orain, gero eta gehiago eskatzen diogu geure buruari. Prestakuntza guztia eta gure aldetik jartzen duguna gero eta zorrotzagoa denez, emaitza ere hala izatea nahi dugu. Kudeatzen ikasi beharreko gauzak dira, bai presioa eta bai autoexijentzia, eta hori denborarekin ikasten den zerbait da.

Kanpotik, askotan emaitzak baino ez dira ikusten, eta ez barruko lan guztia. Zer ez du ezagutzen ikusleak?
Kanpoko jendeak soilik lasterketaren emaitza ikusten du, baina horren atzean kristoren lana dago. Egunero entrenatzen dugu, hotzarekin, euriarekin, eguraldi onarekin, txarrarekin, dagoenarekin. Prestakuntza fisikoaz gain, buruko prestakuntza ere hor dago. Egunero buru-belarri aritzen gara gure helburuen bila. Gauza asko izan behar ditugu kontrolpean, ahalik eta atseden gehien hartu eta errendimendu onena lortzeko. Gauza askori egin behar diogu uko prestakuntza on bat izateko: janaria zaindu behar dugu, ezin dugu edozein plan egin eta ezin dugu oporretara joan. Bizi estilo honek bere alde onak eta txarrak ditu, horregatik da oso gogorra lana ondo egin eta desiratutako emaitza ez lortzea.

Azkenaldian emakumeen txirrindularitza izaten ari den gorakadaz asko hitz egiten da. Zer gauza aldatu eta hobetu dira?
Nire seigarren denboraldia da txirrindularitzan eta ikaragarri aldatu da emakumezkoen pelotoia. Hasi ginenean, pelotoia ez zen profesionala, maila ez zen hain handia. Orain, pelotoia profesionala da guztiz, eta horrek esan nahi du honetan jardun garela. Gure eguneroko helburu bakarra entrenatzea eta atseden hartzea izaten da, eta horrek errendimendua hobetzen du. Maila asko hobetu da, baita dinamika, korritzeko modua, taktikak eta karrerak irakurtzeko modua ere. Material aldetik ere hobekuntza nabarmena izan da, eta azpiegitura gizonenarekin parekatzen ari da. Espainiako Itzulian Angliru mendatea sartu dute ibilbidean, mendate oso gogor eta luzea da. Gizonen lasterketetan ikusi izan dugu, baina emakumeen lasterketetan sartzeko beldurra zuten. Guk erakutsi dugu horrelako mendate luze batean ere ikuskizuna emateko gai garela.

Irabazi ekonomikoa, aldiz, ez dago hain parekatuta. Emakumeen soldatak ikaragarri ari dira hazten, baina gizonen soldaten mailara iristetik oso urruti daude oraindik. Harrobia ere falta dela uste dut: neska txikiek txirrindulari profesional izateko ametsa badute, horretarako aukera eta bidea izatea.

Urte dezente daramatzazu Laboral Kutxarekin. Zer garrantzi du zuretzat fideltasun horrek?
Laboral Kutxa talde oso berezia da niretzat. Sei denboraldi daramatzat txirrindularitzan, eta seiak Laboral Kutxan egin ditut. Etxeko taldea da eta munduko lasterketa garrantzitsuenetan parte hartzen dugu. Pixkanaka goraka joan den taldea izan da, eta orain Pro Team mailako lehenengo postuan gaude. Mundu mailako talde onenetariko bat gara, eta txirrindulari onenekin lehiatzen gara, pixkanaka gero eta helburu garrantzitsuagoak finkatuz. Sei urte hauetan izan dudan eboluzioa taldeak izan duenaren parez parekoa izan da, eta oso prozesu polita izan da.

Etorkizunera begira, zein dira egin nahi dituzun hurrengo urratsak?
Ez dut helburu zehatzik, baina urtez urte errendimendua hobetzen joan nahiko nuke. Hori da nire buruari eska diezaiokedana, eta nire esku dagoena. Helburuak ere gero eta zorrotzagoak dira, eta motibazioa ez galtzea eta gozatzeari ez uztea oso garrantzitsua da. Txirrindulari saiatua eta lehiakorra izan naizela gogoratzea gustatuko litzaidake, eta batez ere, pertsona ona.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide