Karlos Argiñano: "Ez da nire meritua bakarrik, atzean dagoen lantalde osoarena baizik"

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 13a

Argiñano familia, Aiala sukaldaritza eskolaren kanpoaldean. (Aritz Mutiozabal)

Karlos Argiñano eta Luisi Ameztoi senar-emazteek duela 30 urte abiarazi zuten Aiala ostalaritza eskola. Atzo, urtemuga ospatzeko ekitaldia egin zuten zentroko instalazioetan, ordezkari politikoekin eta familia osoarekin. Argiñanok (Beasain, Gipuzkoa, 1948) egindako ibilibideaz harro dagoela adierazi zuen.

Aialak 30 urte bete ditu. Proiektua martxan jarri zenutenean espero al zenuen horren ibilbide oparoa izango zuela?
Egia esan, 30 urte asko dira, eta ez nuen pentsatu ere egiten horrenbeste urte eta gero sukaldaritza eskolarekin jarraituko genuenik. Hala gertatu da, eta zorionez, dena oso ongi joan da. Gainera, horren ongi ikusten dut eskola, esku onetan, ikasle pila batekin, sekulako poza ematen didala. Bikain kudeatuta eta txukun dagoela ikusten dut, niri gustatzen zaidan bezala. Hau ez da nire meritua bakarrik, atzean dagoen lantalde osoarena baizik.


Inguruko jendea sukaldaritzan trebatzeko asmoz ekin zenioten, baina eskolaren oihartzuna berehala iritsi zen atzerrira.
Nik normalean asmatu egin ohi dut, baina kasu horretan ez. Nire gogoa zen hemen inguruko jendea laguntzea. Garai hartako gazteak apur bat galduta ikusten nituen, eta haientzako sukaldaritza eskola sortzea erabaki nuen, haiei ofizioa erakutsiz, irtenbide moduan. Bat-batean eskola ireki genuen, eta hemengo inork ez zuen izena eman, denak kanpokoak ziren. Gaur egun, kopuruak oso bestelakoak dira, hamarretik zazpi ingurukoak baitira.

Eskolaren lana mundu osoan barreiatu da: ikasleak edozein herrialdetan dabiltza sukaldari. Hori ere pozgarria izango da, ezta?
Bai, noski. Duela hilabete inguru Martin Berasategik esan zidan Dubain jarri duen jatetxeko sukaldeburua Aialako mutila dela. Erabat txundituta geratu nintzen. Duela lauzpabost urte ere antzeko pasadizo bat gertatu zitzaidan: Buenos Airesko Melia hotelean nengoela, sukaldeburuak agurtu egin ninduen, gure eskolan ikasi zuela esanez. Bitxikeria politak dira, edozein tokitara joan eta Aialan ikasitako jendearekin topatzea. Gainera, ikasleak praktikak egitera joaten diren jatetxeek ere eskerrak ematen dizkidate, egiten dugun lanaren seinale.

Zein da Aiala sukaldaritza eskolaren sekretua?
Lantaldea bera da honen guztiaren gako nagusia, eskolako zuzendaritik hasi eta irakasleetaraino, garbiketakoak ahaztu gabe. Guztia ongi antolatuta eta txukun dago, eta nik uste dut hori dela Aialaren ezaugarri garrantzitsuena. Nolabait esateko, jendeari egia esatea da gure sekretua, zintzotasunez aritzea. Azken finean, hemengo sukaldaritza zer den erakustea eta maitatzea, gure txakolinei, arrainei, barazkiei eta haragiei garrantzia emanez.

Eta zure sukaldaritzaren ukitua helaraztea?
Ez dakit... Agian, Karlos Argiñanoren izpiritua helaraztea. Nik uste dut hori dela ikasleei transmititzen zaiena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide