Kaleratzeak salatzeko elkarretaratzea egin dute Hosokawa Solid enpresako langileek

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 12a

Hosokawa Solid enpresako langileek gaur arratsaldeak egindako elkarretaratzea. (Enara Ariznabarreta)

Zarauzko Errotaberri Industriagunean zabaldutako enpresan hiru kaleratze egon direla salatu du langile batzordeak. Ordu erdi inguru elkarretaratu dira beharginak gaur enpresaren aurrean. Kaleratuei babesa adierazteaz gain, langileek enpresari eskatu diote "funtzionatzeko modu honi amaiera" eman diezaion.

Zarauzko Hosokawa Solid enpresan izandako hiru kaleratze salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Errotaberri industriagunean kokatutako lantokiko beharginek. Ordu erdian kontzentratu dira langileak aipatu kaleratzeak salatzeko.

ELA sindikatuko kideek osatzen duten enpresako langile batzordeak jakitera eman duenez, aurreko astelehenean, maiatzaren 4an, eman zuen Zarautzen kokatutako enpresak aipatu kaleratzeen berri. Batzordearen arabera, justifikaziorik gabeko kaleratzeak izan dira, eta pasa den ostiralean, hilaren 8an, aranblada egin zuten faktoriako langile guztiekin. Hedabideetara igorritako oharrean jasotzen denez, "enpresaren jarrera autoritarioaren aurrean erantzun bat ematea" erabaki zuten langileek. Gaur arratsaldean enpresa aurrean egindako kontzentrazioa izan da antolatutako lehen protesta ekintza. 

"Hosokawa Solid enpresan bat egingo dugun hiru plantilak bildu gara kaleratuei gure elkartasuna erakusteko eta azken kaleratzeei zein horiek gauzatzeko moduari gure gaitzespena adierazteko", azaldu dute hitzorduan langileek. Gehitu dute kaltetutako pertsonen kopuruaz harago, "erabaki hauek hartzeko modua" salatu nahi izan dutela elkarretaratzean.

Beharginek uste dute "urte askotako ahalegina, konpromisoa eta profesionaltasuna" erakutsi duten lankideekiko "sentikortasun eta errespetu falta osoa" egon dela enpresaren aldetik. Horren aurrean, langileek gogorarazi nahi izan dute "kaleratze bakoitzaren atzean duintasunez tratatuak izan behar duten pertsonak, familiak eta bizitza planak" daudela.

Enpresa erabakiak hartu egin behar direla diote langileek, baina haien esanetan, "horiek ez dira inoiz modu hotzean eta presaka hartu behar". Kontzentrazioarekin kaleratuei "elkartasuna" helarazi nahi izan diete, "eta ekintza mota hauek sortzen duten lan ingurunearekiko kezka adierazi".

Hori horrela izanik, langileek azpimarratu dute "errespetuan, gardentasunean eta elkarrizketan oinarritutako lan harreman eredu baten alde" egiten dutela. "Enpresak funtzionatzeko modu honi amaiera eman diezaiola nahi dugu", nabarmendu dute, "gaur gure lankideak direlako, baina bihar guretako edozein izan daitekeelako". Zehaztu dutenez, enpresako langileen %72k babestu dute elkarretaretzea, "bai zuzenean bai zeharka".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide